Irailaren 20tik 28ra 72. Donostiako Zinemaldian gertatutakoen artean hainbat kontu ekar daitezke gogora. Zezen(keta) arteko lerroburuetatik aparte, izan ziren oharkabeago joan ziren uneak. Luzerako emango luke, adibidez, Hedabide berriak: zinema eta jaialdiak sare sozialen garaian mahai inguruan entzun zirenak azaltzeak. Wendy Yde, Guy Lodge, Pepa Blanes eta Diego Battle mintzatu ziren. Aipatu zuten, esaterako, Letterboxd sare soziala erakargarriagoa izan daitekeela X (Twitter) baino, filmen inguruan aritzeko. Eztabaidatu zuten, halaber, zer eragin izan dezaketen influencer delakoek ikus-entzunezko lanak zabaltzeko orduan, eta nola horrek ez duen zerikusirik kazetari edo kritikari espezializatu batek egin dezakeen ekarpenarekin. Instagrameko bideo laburrei edukia doan emateaz ere aritu ziren. Baina Blanesek nabarmendu zuen, adibidez, Donostiako zerbitzari batek Tiktoken ikusi zuela, eta ez zuela SER irratian entzun —Hego Euskal Herrian eta Espainian gehien entzuten den irratia—. Baina galdera argia da: zer balio du influencer batek film baten gainean egiten duen iruzkinak, atzetik dagoen konpainiak ordaindu baldin badio?
Euskal Zinemaren Gala Handia irailaren 24an ospatu zuten Viktoria Eugenia antzokian. Orduko hartan entzundakoetatik azpimarragarriena Edurne Azkarateren hitzak izan ziren: «Euskal zinema deritzon horri euskara falta zaio, eta euskal kulturak filmak ditu faltan». Hori da bete-betean jotzea.
🎬 @edurneazkarate, Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan: “Euskal zinea deitzon horri euskara falta zaio, eta euskal kulturak filmak ditu faltan”. #zinemaldia#euskalzinema@EiTBKultura@EITBofizialapic.twitter.com/mDdo2drYWT
— Euskadi Irratia (@euskadi_irratia) September 25, 2024
Baina entzun ziren bestelakoak ETBk antolatutako gala hartan. Galaren aurreko tapiz gorrian, adibidez, gaztelaniaz hizketan jarri zituzten Go!azen-eko aktore batzuk —ETB2n egin zuten emanaldia, diferituan—. Gero, Gorka Aginagalde galako aurkezlearen aldetik makina bat akats entzun ziren euskarazko hitzetan; ala Markina bat ziren? Fikzioa ala fikziyoia? Joxe Felipe Auzmendik X sare sozialean honela definitu zuen gala hura: «Auzo lotsa». Dena esatera, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia edozein agerraldi publikotan euskaraz irakurtzen entzun duenak badaki akatsez zerbait.
'Goenkale'-ren ostekoak
Irudikatu besterik ez dago maila horretako ekitaldietan eta maila horretako arduradunek gaztelaniaz, frantsesez edo beste hizkuntza propio batean hain trakets hitz egingo balute zer-nolako oihartzuna izango zukeen: Interneteko sare sozialetan, komunikabideetan, tertulietan, iritzi emaileen ahotan... Baina euskaraz dena da libre. Euskaraz eginez gero, baten bati axola al zaio zer maila duen hizkuntzak?
Euskararen mailaz badira kontu gehiago gogoratzeko. Egunotan bete dira 30 urte ETB1 Goenkale folletoia ematen hasi zenetik. Jose Luis Aranguren Txiliku telesailaren euskara arduraduna izan zen azkeneko bederatzi urteetan. Hark kontatua da Goenkale eta Aitaren etxea telesailek izan zutela azken aldiz euskara arduradun edo euskara zuzentzaile bat. 2016. urtetik aurrera ETBk egin dituen telesailetan ez da halakorik izan. Euskal komunitatean iritzi zabaldua da Goenkale-ren euskara oso ona zela, ekarpena egin zuela telesailak euskararen ikuspegitik —Anjel Lertxundik egindako lana goraipatzen dute horretaz zerbait badakitenek—. Euskararen doinua bateratua eta egokia zen Arraldeko pertsonaien ahotik irteten zenean. Hala izan zen 3.708 ataletan. Horren aitortza egin beharko da noizbait.
Gidoietan eta platoko grabaketetan, euskara arduradunik ez badago, nabari al da, ba? Begiratu besterik ez dago Itxaso telesailarekin zer gertatu zen. Zuzendaria Antonio Diaz Huerta madrildarra zen; euskaraz bi hitz ez ditu jakingo. Eta aktoreek bakoitzak bere modura hitz egin zuten; hau da, kostaldeko herri txiki batean, bakoitza bere euskalkian. Argi da ekoiztetxe batzuetan badutela kezka euskara mailarekin, eta saiatzen direla gauzak ondo egiten. Baina zentzuzkoa litzateke Euskal Telebistak fikziozko hurrengo proiektuetan euskara arduradunaren figura berreskuratzea. Euskaraz gutxi ekoizten baita, oso gutxi. Eta euskarazko lan gutxi horietan, hizkuntzaren maila hala moduzkoa bada, aktoreen esku utzi behar bada dena —euskara zuzen eta egokiaren ardurak ez luke haiena izan behar—, ikusle batzuk uxatu egingo dira, erakarri baino gehiago.