Lide Hernando.
IKus-entzunezkoak

Non zaude, June?

2024ko ekainaren 6a
05:00
Entzun

Duela urtetxo batzuk, artean telesailen sukarra oraindik masifikatu gabea zela, lagun batekin izan nuen elkarrizketak arrastoa utzi zidan: niri gero eta istorio luzeago eta zatikatuagoak ikusteak plazera eragiten zidan bezala, berak nahiago zituen arratsalde bakarrean gozatu ahal izateko istorioak. Gogoan dut, bere hitzak berrinterpretatuz, halako zerbait esan zidala: «Ez dut gustuko fikziozko pertsonaiak bolada batez nirekin batera bizitzea. Batzuetan gehiegi obsesionatzen naute eta denbora kendu; besteetan, aitzitik, hain dira luzeak telesail batzuk, ezen pertsonaien bizitza horretatik bereizten amaitzen baitut, asperduraz».

Antza denez, ez da hori sentitzen duen bakarra. Denborak aurrera egin ahala, ezagutu ditut oraindik ere filmak telesailak baino askoz ere nahiago dituzten pertsonak; edota, besterik gabe, egungo enkontruetako elkarrizketa gehienak hartzen dituen moda berri honi kontra egin nahi diotenak —ez diet errurik botako, egia esan—. Eta nik ere, telesailak ikusteari denbora luze batean utziko ez diodala dakidan arren, inoiz sentitu izan dut lagun horrek behin esan zidana.

Zuri buruz ari naiz batez ere, June. 2017an konkistatu egin ninduzun zure izaerarekin, bizitzen ari zinen parerik gabeko dramarekin, zure hitz jario iaio eta ederrarekin. Zure indarrak hartu zuen nire barnea, ideia batzuk eraldatzeraino, eta gogoan dut zure trajearen gorri bereizgarriak kaleak ere hartu zituela, ez bakarrik inauterietan, baita adierazgarriak izan ziren manifestazio batzuetan ere. Orain, ordea, guztiz lausotua dut zure oroitzapena. Non zaude, June? Badakit ez dugula zure istorioaren osotasuna ezagutu, eta lehen irrikaz nengoen Gilead-en atzaparretatik bizirik aterako zinen ala ez jakiteko. Orain, ordea, ez dut oroitzen ezta azken aldian non utzi zintudan ere; eta ez dakit gogoa dudan gertatutako guztia berriro ere bizitzeko. Denborarengatik, baita sufrikarioarengatik ere, neska; egia zor dizut.

Badakit hau guztia pisuzko arrazoiengatik izan dela; tartean pandemia bat egon da, eta gero, gainera, zu eraiki zaituzten langileek greba egin dute, merezi dituzten baldintza duinak eskatzeko. Langile borroka guztien alde nagoenez, ez naiz honetaz kexatuko. Baina zu, June, jada ez zaitut sentitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.