gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

“Nire iPhone-tik bidalia”

2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Probokatzailea eta gordina da. Iluna eta deserosoa, baina Baby Reindeer telesailaren 30-45 minutuen zazpi atalak etenik gabe irentsiko dituzu. Ikusi nuenetik egun batzuk igaro dira, eta ezin dut burutik kendu. Eremu grisetan mugitzen den lana iruditu zait, jazarpenari eta traumari buruzko erretratu nahiko konplexu eta gordina. Donnyren helburua komikoa izatean den arren, zerbitzari lanak egiten ditu pub batean. Tartean, ahal duenean, stand-up ikuskizunetan parte hartzen du. Tabernan lanean ari den egun horietako batean, Martha izeneko emakume bat eseriko da barran; triste eta goibel ikusten du. Donnyk sekulako pena sentituko du, emakumeak laguntza behar duela ohartu baita, eta te bat hartzera gonbidatzen du. Martha, bere adeitasunarengatik guztiz liluratuta, zerbitzariarekin obsesionatzen hasiko da. Hortik aurrera gertatuko den guztiak asaldatu egingo zaitu.

Richard Gadd komiko eskoziarra protagonista nagusia izateaz gain, bere bizitzako pasarte batean oinarritu da telesaila idatzi eta ekoizteko. Funtsean, drama bat da, eta lehen minutuetan ageri diren umore beltzezko zipriztinak berehalakoan desagertuko dira, atalek aurrera egin ahala, kontakizunaren barrunbeetan, thriller psikologikoaren eta beldurrezko generoaren elementuak sartuko direlako; bai narratiboak, eta baita estetikoak ere. Efektu ia psikodelikoak sortzen dituzten koloreak, lehen plano itogarriak eta kamera angelu aztoragarriak erabiltzen ditu ikuslea deseroso sentiarazteko. Istorioaren eta pertsonaiaren presio fisiko eta psikologiko horren areagotzea gordinki biziko dituzu. Estresagarria da, eta, askotan, baita larrigarria ere. Narrazioaren erpinik deigarriena Martharena da —Jessica Gunning aktoreak egiten duen lana itzela iruditu zait—, baina Richard Gadden kontakizuna hain da latza, eta laugarren eta azken ataletan bereziki azaltzen dena, hainbeste kolpatu nau, ezen zenbait unetan dardara eragin baitit. Vilapuig ahizpak Selftape-ekin egin zuten moduan, edota Michaela Coel I May Destroy You-ekin, autofikzioa, barne gatazkak edo traumak azaleratzeko oso erreminta boteretsua dela frogatu du Gaddek ere.

Oharra: telesaila ikusten duzunean, “Nire iPhone-tik bidalia” esaldia beste begi batzuez begiratuko duzu.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.