Lide Hernando.
'Ekografiak'

Ni ere, menpeko

2024ko azaroaren 14a
05:00
Entzun

Denon ahotan dabil Javier Giner idazle eta zuzendariaren Yo, adicto lana, eta etxean ere, azkenik, ikusi dugu. Ez dakit emozionalki ordu baxuetan harrapatu nauelako izan ote den, baina esperientziak erabateko shockean utzi nau.

Doala ezeren aurretik sekulako lana iruditu zaidala; bai aktoreena –bikaina Oriol Pla–, baita zuzendaritzan eta ekoizpenean egindakoa ere. Liburua ez dut irakurri, eta honen ostean ez dakit oso ongi zer egin: jakingura ase eta orri horien artean telesailak landu gabeko tramen garapena topatu, horrek eragingo didan mina esponentzialki handitzeko arriskuarekin; edo bere horretan utzi, telesailak jada hondar handia utzi baitu nigan.

Tranpa adimentsu bat ezkutatzen duen telesaila da Yo, adicto. Zorigaitzak ukitutako hainbat pertsonaren sendatze prozesua ikustera zoazela sinetsarazten dizu, zurekin zerikusia ez duen zerbaiten testigantza jaso eta haien egonezinarekin enpatizatzen lagunduko dizuna. Atalak igaro ahala, ordea, ohartzen zara pertsona horiek duten menpekotasunaren atzean ezkutatzen diren gabezia psikologikoak zureen antzekoak izan daitezkeela. Denok dugula maitatuak eta aintzatetsiak izateko beharra, eta denok diogula beldur sakon bat mina sentitu eta trantsitatzeari. Menpeko bat ez dela kalte egiten dion zerbait kontsumitzen duen hori, baizik eta, hutsarekiko beldurrak eta beste hainbat mamu tarteko, gauza horiek kontsumitzeari utzi ezin dion norbait.

Era berean, telesail hau ikusi eta bertan agertzen diren terapia saioetan esaten diren gauzaren batekin identifikatuta sentitu ez denari errukia diot. Batetik, uste dudalako den-denok sentitu behar izan dugula zaurgarri inoiz, eta horrekin identifikatzen ez denak auto-analisia falta duela uste dut; eta, bestetik, halakorik inoiz sentitu ez duenik benetan existitzen bada, bizitzak dena oparitu diolako izan dela.

Dena den, ez dut oraingoz Yo, adicto ikusi eta barnean zerbait mugitu ez dion pertsonarik ezagutu. Eskerrak, nire inguruan behintzat, ahulak garen. Drogen menpekotasunetik askatzeko egin beharreko bide malkartsua ezin modu gordin eta zintzoagoan kontatzea lortu du Ginerrek lan honekin; eta emaitzarekin, beste guztioi zerbait gehiago oparitu digu: geure buruari barkamena eskatzeko tresna bat eskaintzea, pantailan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.