'cristobal balenciaga'
Telesailaren sortzaileak: Lourdes Iglesias, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi. Aktoreak: Alberto San Juan, Josean Bengoetxea, Cecilia Solaguren, Thomas Coumans, Anouk Grinberg. Ekoiztetxeak: Moriarti eta Irusoin. Hizkuntzak: gaztelania, frantsesa, ingelesa eta euskara. Non ikusi: Ostiraletik aurrera, Disney Plus ordainpeko plataforman.
Duela hilabete batzuk, Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek publikoki adierazi zuen Cristobal Balentziaga diseinatzailearen inguruko telesaila Sail Ofizialean emateko hautatua zutela. Ez zen halakorik gertatu: Disney Plusek erabaki zuen Europako hainbat ekoizpenen estreinaldia atzeratzea, eta zinema jaialdian proiektatu gabe gelditu zen fikzio lan hori. Pena da, telesailaren handitasuna eta edertasuna pantaila handi batean gozatzeko modukoa baita (astelehenean izango dute ikusle batzuek horren aukera Donostiako Viktoria Eugenian)
Balentziagak Parisen egin zituen 30 urteak kontatu dituzte Jon Garañok, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik, Lourdes Iglesiasen ideia bati jarraituz. Nicolas Bizkarrondo enpresari errepublikanoaren eta haren emazte Virgilia Mendizabalen laguntza izan zuen Getariako (Gipuzkoa) diseinatzaileak Frantziako hiriburuan, Balenciaga etxea jartzeko. Alboan izan zuen, bidenabar, Wladzio D'Attainville bazkide eta maitalea. Pertsonaia horien bueltan garatzen dira aurreneko atalak. Beste batzuk iristen dira azkeneko bi ataletan, baina Balentziaga beti dago presente. Eta, une oro, Alberto San Juan aktorearen interpretazio miresgarria.
Hasieratik nabari da fineziaz eta mimoz egindako telesail bat dela. Balentziagak luxua irudikatzen du, eta luxua ezin zen merkekeriaz irudikatu. Pantailan ageri diren irudiek oso kolore berezia dute, kalitate teknikoa benetan da aparta, eta ekoizpen liluragarri bat topatzen du ikusleak begi bistan. Kasu honetan, behingoagatik ekoizpen erraldoi batean, pertsonaia euskaldun baten bizitzaren bueltan. Moriartiren eta Irusoinen fikzioak ez dio batere inbidiarik plataformetan estreinatu ohi diren ekoizpen garestiei. Eta ez dio inbidiarik Moriartikoek egin dituzten pelikula onei ere, Cristobal Balenciaga oso erakargarria baita bere osoan.
Ezin zen bestela izan, eta telesailean berebiziko garrantzia dute soinekoek. Bina Daigelerrek eta Pepo Ruiz Doradok jantziterian egin duten lana txapela kentzeko modukoa da; eta txapelak, bai, a zer txapelak! Javier Agirre argazki zuzendariaren lana ere ezin da aipatu gabe utzi. Soinekoek distira berezia hartzen baitute argazkia hain fina denean. Ez da telesaileko atalik onena, baina bada atal bat ia osorik soineko bati eskainia: Fabiola de Mora y Aragon Belgikako erregearekin ezkontzekotan da, eta Balentziagari eskatzen dio soinekoa egiteko. Soineko horren bueltan osatu dute zuzendariek atal oso bat. Ahaztezina da, bidenabar, Alberto Iglesiasen musika —Interneteko plataformetan entzun daiteke—.
Euskarazko hitzak
Espainiako Disneyren telesail bat izanik, gaztelaniaz da telesaila. Baina naturaltasun osoz entzuten da frantsesa, Parisen Coco Chanelek, Christian Diorrek edo beste pertsonaia batzuek hitz egin behar dutenean. Eta euskarazko elkarrizketa batzuk ere badira: Balentziaga amarekin (Itziar Aizpuru) edo anaiarekin (Iñaki Beraetxe) mintzo denean, adibidez. Edo Nicolas Bizkarrondok eta Virgilia Mendizabalek osatutako bikoteak —Josean Bengoetxea eta Cecilia Solaguren aktoreak— beren artean hitz egiten dutenean. Naturaltasunez entzuten dira euskarazko hitz horiek; San Juan bera fin dabil euskaraz, eta lan hori maitasunez egin duela antzematen da.
Baina baditu telesailak goraipatzeko moduko kontu gehiago. Pertsonaien arku dramatikoa izan daiteke horietako bat. Hau da, gidoian oso ondo dago marraztuta Balentziagaren pertsonaia. Haren obsesioak, haren kezkak. Nola itsutzen zen hainbeste lanaren prozesu guztia kontrolatu behar zuelako —badirudi Moriartikoek ere badutela horretan Balentziagatik zerbait—. Eta nola diseinatzaileak uko egiten zion beti prentsan agertzeari: nola lotsarazten zuen bere bizitza pertsonalari buruz ezer aipatzeak aldizkarietan edo bestelako eremuetan. Pertsonaiaren puntu horiek dira fikzioaren ertz dramatiko garrantzitsuak —hain dira muturrekoak une batzuetan, irribarrea eragitea ere lortzen baitute—.
Zaila izango da datozen urteetan Garañok, Goenagak eta Arregik beste telesail bat egitea —oraintxe zinema proiektuak dituzte buruan—. Baina historiarako utzi dute Cristobal Balenciaga, Euskal Herrian inoiz egin den telesailik onenetakoa. Onena ez bada. Izan dadila harribitxi hau amua plataformek Euskal Herrian telesail garesti berriak egiteko.