Arantza Gutierrez Paz.
Podcastak

Nerabeak helburu

2024ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun

Ikasturte amaierarekin ikasleek egin dituzten irratsaioak entzun eta ebaluatzeko garaia da. Irrati Ekoizpena eta Errealizazioa ikasgaian ikasitakoa praktikan jartzeko orduan, ikasle gehienek podcast bat egitea erabaki dute, eta oso kalitate handiko produktuak egin dituzte: entzun errazak, entretenigarriak eta entzulea (ni neu) harrapatzea lortzen dutenak. Ez nau harritu lanen kalitateak; ustekabean harrapatu naute, berriz, gehienek aukeratu dituzten gaiek eta horien tratamenduak ere, entzuten dutenaren isla, dudarik gabe. Eta esango nuke programatzaile batzuek entzun beharko luketela, oso despistaturik daudela uste baitut, gazteak helburu edo hizpide dituzten saioei dagokienez, behintzat. Zergatik diot, baina? Astero saiatu naiz irrati eta podcast berriak eramaten ikasgelara, eta entzunarazi ere, edo gomendatu, bereziki beraientzako propio ekoitzita omen daudenak. Baina arrakasta gutxi izan dut; orain, bueltan, beren interesak eta gustuak agerian utzi dituzte.

Gazteagoak dira, berriz, aste honetan dakartzadan bi saioren entzulegaiak. Maiatzean EITBk nerabeentzako beste fikzio saio bat aurkeztu du, Eden, Ulu Mediak ekoitzita (egun batean podcasten fenomenoa eta ekoiztetxeen eskaintzez hitz egingo dut) eta publiko bera duen Irabazi arte telesaioaren aktore batzuek antzeztuta. Ordu laurdeneko sei ataletan «nerabeen arteko gertakariak jasotzen ditu, fikzioarekin nahastuz». Eta Rafa Ruedak jartzen dio musika.

Ia aldi berean, gaztetxoak helburu baino hizpide dituen Nerabeen garrasia podcasta estreinatu berri du. Telmo Lazkanok eta Maitane Ormazabalek gidatzen dute saioa, eta beraiek argitaraturiko Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian liburuak izena ematen dio. 22 atal eskainiko dituzte —On Time ekoiztetxearen eskutik—, eta horietan nerabeei eragiten dieten eta, azpimarratuko nuke, helduak kezkatzen dituzten arazoez hitz egingo dute: sare sozialen kontsumoa, eskola-jazarpena, buru-osasuna, balioen aldaketa… Lehenengo atala entzunda, argi dago haien target-a ez direla gazteak, eta esango nuke helduen begirada eta ahotsa nagusi direla. Edukien inguruko gogoeta ezbaian jarri barik, horretan adituak baitira hizlariak, ez dut argi tonuan asmatu dutenik.

Nahi bai, baina adinekook arazoak ohi ditugu gazteengana heltzeko; hori horrela izan da, eta da. Beharbada, buelta eman, eta gu entzun gaitzaten tematu beharrean, ahotsa eman behar diegu, esateko asko baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.