Lide Hernando.
EKOGRAFIAK

Nerabeak eta pornografia

2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
ETB 2n, telebista irekian alegia, lehen kapitulua irailaren 22an joan den ostiralean estreinatu zen arren, berriki aurkeztu den primeran.eus plataformak jada baditu bi atal argitaratuak. Porno Belaunaldia saioaz ari naiz, hain zuzen; TV3, ETB eta Shine Iberiak (Banijay Iberia) elkarrekin ekoitzitako lau ataleko dokumentalaz.

Saioak gaur egun nerabeek pornografia kontsumitzeko duten erraztasunak eragindako kalteak aztertzen ditu sakontasunean; eta, horretarako, Espainiako Estatuko zenbait erkidegotako gazteen eta gaian adituak direnen hainbat testigantza biltzen ditu. Txukun daude antolatuta bai saioa, bai atal bakoitza: lehenak nerabeek egungo sakelako telefonoetatik pornografiara iristeko erraztasuna dutela arakatzen du; bigarrenak, ordea, aisialdiaren hipersexualizazioak belaunaldi honetan dituen eragin kaltegarrietan jartzen du arretagunea. Era berean, atal bakoitza hainbat kapitulutan ere banatzen da, ikus-entzuleei informazioa era ordenatuagoan helarazteko ahaleginean. Dokumentala gazteleraz eta katalanez dagoen arren, euskarara bikoiztuta topatu daiteke primeran.eus plataforman eta, hemen, eten bat egin, eta euskal bikoizketaren apartekotasuna aipatu nahiko nuke; funtsean: GORA EUSKAL BIKOIZKETA!—.

Edukian sartuta, esan beharra dago saioak mamia sobera duela. Hasieran esan dudan bezala, sexologo, pornografia ekoizle, neurologo eta, funtsean, gaian adituak diren horien testigantzak topatu daitezke, eta gauza oso interesgarriak aipatzen dira tartean, bereziki atentzioa eman didan bat: nerabeek oraindik ez dutela garunean garatua etikoki iraingarriak diren irudi horiekiko arbuioa, eta, beraz, arazorik gabe irents ditzaketela bortxaketak eta beste hainbat eszena bortitz.

Alta, esan beharra daukat niretzako saioak duen interesgarriena nerabeen testigantzak direla. Eurak dira belaunaldi hori, eurak dira biktimak eta parte aktiboa. Hasteko, harritzen nau zein naturaltasunez hitz egiten duten izandako esperientzia ezberdinez euren gurasoen aurrean; nik ezingo nuke 15 urterekin hori egin. Horrek erakusten dit gai batzuetan egoerak hobera egin duela. Bestetik, ordea, aipatzen dituzten gauza batzuek oilo-ipurdia jarri didate; hitzen ebokazioa zer den! Beharrezko dokumentala, dudarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.