Jare Lertxundik 8 urte ditu. Haren aita Koikili Lertxundi da, Athleticeko jokalari ohia, hain zuzen. El club del tupper ETB2ko udako programa berrian parte hartu dute biek. Asteleheneko saioan agertu ziren aita eta alaba, la pasta de la muerte (heriotzaren pasta) izeneko platera prestatzen. Jarek aitaren sukaldari-laguntzaile lanak egin zituen. Gaztelerazko saioan, astero, hiru pertsona ospetsu lehiatzen dira. Haien etxeetan prestatutako platerak tuper batean gorde, eta parte hartzaileen artean partekatzen dituzte ondoren. Behin horiek dastatuta, iritziak trukatu eta irabazlea aukeratzen dute. Javi Sierra sukaldari profesionalak aurkezten du ETB2ko programa berria. Aurretik, Juego de cartas izeneko saioa aurkeztu zuen kate berean.
Ez nuen asteleheneko atal osoa ikusi. Lagun baten etxean geunden, telebista piztua zeukan eta tarte laburra ikusi nuen. Jarek eta Koikilik harreman berezia dute. Gertukoa. Ederra. Gozamena da aita-alabak hain ondo kozinatzen ikustea. Ez naiz ari, ordea, haiek lortutako emaitzari buruz. Baizik eta platera egiteko prozesuan elkar ulertzeko moduari buruz. Nahikoa dute begirada bat, besteak zer esan nahi duen edota zer sentitzen duen ulertzeko.
Esango nuke, haien arteko ohiko komunikazio hizkuntza euskara dela. Esaldi bat baino gehiago egin zituzten hizkuntza horretan. Naturaltasun osoz. Tamalez, neskatoari gaztelaniaz egitea eskatu zioten ETB2ko saioa egiteko. Jarek oso ondo egiten du gaztelaniaz. Beraz, alde horretatik ez zen arazo handirik izan. Baina kezkatzen nau eduki horrekin gure telebista publikoa hedatzen ari den hizkuntza eredua; baita bultzatzen duen hizkuntza ohitura ere. Hain zuzen, euskarari mesede gutxi egiten diona.
Pantaila txikiaren aurrean jarri zaitezte une batez, eta galde iezaiozue zuen buruari ea zer pentsatuko lukeen 8 urteko neska edo mutiko euskaldun batek Euskal Telebistan pasarte hori ikusiko balu. Zehatzago, zer pentsatu zuten Jareren lagunek astelehen gauean haien laguna ETB2 katean ikustean? Bada, hasteko, gaztelania beharrezko dutela telebistan agertu ahal izateko. Horrez gain, baliteke pentsatzea ere euskarak ez duela askorako balio familia giroan. Ez, behintzat, aitarekin sukaldean aritzeko. Zerrenda luze bat datorkit burura, baina hitz bakarrean laburtu nahi nuke herenegun ikusitakoa: negargura.
EKOGRAFIAK
Negargura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu