Beste behin, gehien gustatzen zaizkidan albistetako batekin nator: irrati kanal berri bat jaio da, euskaraz eta musikari dedikatua, Naiz Musika. Interneten bidez ez ezik, Bilbon eta Gasteizen FMn ere sintoniza daiteke. Ikasturte hasieran kanal orokorraren programazioaren aurkezpenarekin egin zuten bezala, publiko aurrean eta zuzeneko emisioaren bidez iragarri zuten jaiotza, Musik Haria saioaren milagarren atalaren emankizunaren ospakizunaren baitan, lagunez inguratuta, eta, noski, musika eta sortzaileekin.
Sortu zenetik, irratiak harreman handia izan du musikarekin baita Euskal Herrian ere; horren adibide, esaterako, irratizaleek 1924an eskainitako Portugaleteko Udal Bandaren kontzertuen zuzeneko emankizunak haririk gabeko telefonia (TSH) deituriko asmakizun berri hartan. 1960ko hamarkadan, berriz, debekaturiko abeslariak heltzen ziren mugez bestaldetik sartzen ziren uhinetatik. Orduan jaiotakook, boomer belaunaldikoak, zenbat kasete grabatu ditugun diskoak erosteko sosik ez genuelako edo, besterik gabe, dendan topatzen ez genituelako! FM eta transistorearen iraultza musika kateen eskutik etorri ziren eta, ondoren, irrati libreen mugimendua ezin da ulertu euskal rock erradikalari edo punkari lotua ez bada… Gaur egun, programazioak begiratuta, ohar gaitezke musikak programazioan duen pisuaz, sintonietatik agurreraino. Bozgorailuaren beste aldetik hitz egiten dutenek ere ongi dakite melodia batek estali ahal duela entzuleak nabarmenduko ez duen akatsa edo elkarrizketatuaren berandutzea.
Ezin dugu ulertu irratia musikarik gabe, ezta musika ere irrati barik, nahiz eta orain Spotifybezalako plataformek hartu duten merkatuaren zatirik handiena, abeslariak eta melodiak merkantzia bihurtu nahian. Monetizazioa helburu duen musika komertziala programatu ordez, arima duen aukera eskaintzen du kanal berriak, euskal sortzaileen eta entzuleen artean topagune berri bat zabalduz, teknologiak eskaintzen dituen euskarri berriei muzin egin barik, laster aplikazioa eskuragarri izango dugula iragarri baitute. Banda batek kontzertu edo bira bat aurkeztu eta berehala sarrerak agortzearen fenomenoa ulergaitza zaidan bezala, aitortu behar dut ez dudala irratiaren etorkizuna ulertzen sakelako telefonorako aplikazio bati lotua ez bada, are gehiago entzule gazteak tartean badaude. Beraz, zoriondu eta zorterik onena opa nahi diot jaioberriari, euskal diala sendotzera datorren proposamen honi; ziur nago talentua ez zaiola faltako.