gaizka izagirre
'Ekografiak'

Munstroak

2024ko urriaren 2a
05:00
Entzun

2022anMonsters: The Jeffrey Dahmer Story izeneko telesaila estreinatu zuten; Milwaukeeko munstroaren istorioa azaltzen duen istorio ilun eta deserosoa da, AEBetan 1978-1991 artean Jeffrey Dahmer izenekoserieko hiltzaileak egindako hilketa beldurgarriak ardatz dituena. Miniseriea izatekoa zen hasieran, baina antologia baten lehen atala izan da azkenean. Monsters etiketapean gizartean eragina izan duten pertsonaia ilunak aztertuko dituzte; Ryan Murphy eta Netflix berriz elkartu dira, eta oraingoan The Lyle and Erik Menendez Story estreinatu dute.

Lyle eta Erik Menendez anaien kasu iluna aztertuko dute: tiroz hil zituzten gurasoak, 1989. urtean. Geure inguruan kasua oso ezaguna ez bada ere, 90eko hamarkadan AEBetan izandako eztanda mediatikoa itzela izan zen. Akusazioaren arabera, hilketen arrazoia dirua izan zen; aitaren posizioa usurpatu eta familiaren ondasuna bereganatzeko helburuz egin zuten. Akusatuentzat, aldiz, aita kontrolatzaileak eragindako abusu psikologiko, fisiko eta sexualen erantzuna izan zen indarkeria eztanda hura.

Bi hiltzaileen rola jokatzen Nicholas Alexander Chavez eta Cooper Koch aktoreak ageri dira. Aitortuko dizuet ez nituela ezagutzen, eta, lehen ataletan zalantzak sortu dizkidaten arren, istorioak aurrera egin ahala haien antzezpen lanek asko harrapatu naute. Gurasoak antzezten aurkezpenik behar ez duten Javier Bardem eta Chloë Sevigny topatuko dituzu.

80ko eta 90eko hamarkadetako giroa bikainki pantailaratu dute, eta murgiltze giroa oso nostalgikoa da. Jeffrey Dahme-ren esentzia mantentzen da, eta heldulekua ere berbera da, baina tonua eta batez ere pertsonaiak oso desberdinak dira. Ez zait hain iluna iruditu, espekulazioaren eremuan barneratzen gaituen serie arinagoa eta argitsuagoa iruditu zait; ironikoa, satirikoa eta ukitu camp handiagoa du. Tonuen arteko kontraste jokoak hotzikarak eragin dizkit, kasu ilun baten testuingurua azaltzen delako, baina ume txikiak bailiran jolasean ari diren bi pertsonaien ikuspegitik azaldua dago. Haiekin enpatia sentitzea ezinezkoa da.

Antologiaren lehen atala baino ahulagoa iruditu zaidan arren, asko gustatu zait. Biziki gomendatzen dudan lan bat da. Portzierto, euskarazko azpidatziekin ikusi daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.