The Bear, Julia, Chefs Table, Boiling Point... Ikus-entzunezkoen mundua eta sukaldaritzaren unibertsoa uztartu eta milioika ikusle harrapatzeko formula egokia dela ohartu direnetik, ehunka proposamen jaio dira azken urteotan.
Baserri zahar batean kokatua eta bi udalerriren (Errenteria eta Astigarraga) banalerroan, Andoni Luis Adurizen Mugaritz jatetxe ezaguna aurkitzen da. Lan egiteko prozesuari dagokionez, badu bereizgarri nagusi bat: hainbat hilabetez, sormenean murgiltzeko, jatetxea itxi egiten dute. Plataformetan berriki estreinatu den Mugaritz. Sin pan ni postre dokumentalak hilabete horietan zehar egiten den lana erakutsiko du.
Ez da Andoni Luis Aduriz sukaldariari buruz egin den lehen lana, baina aurrekoarekin alderatuta, hemen lantaldearen ikusgaitasuna handiagoa da, ez da Adurizen izena hainbeste goresten. Are gehiago, Adurizek, dokumentala promozionatzeko amu nagusia den arren, pantailan duen presentzia ez da oso nabarmena. Gustatu zait, ongi islatzen duelako platerak sortu eta konposatzeko orduan langileen egunerokoa eta lana nolakoa den.
Baina erlaxatu eta 90 minutuz gozatzeaz harago, lan honetan ez dut ezer berezirik edo gehigarririk topatu. Aski ezaguna da maila honetako sukaldeetan bizi den estres maila; bada, hemen, dirudienez, ez da halakorik gertatzen, zentzu horretan zuriegia iruditu zait. Baliteke dokumentala grabatu den denbora-tartean halakorik ez gertatzea, baina kosta egiten zait sinestea.
Bestalde, Paco Plaza zuzendaritza lanetan aritu dela kontuan izanda, ekarpen zinematografiko handiagoa espero nuen, nortasun handiagoa, eszenaratzea arras arrunta iruditu zait; oso txukuna eta akatsik gabea, baina oso konbentzionala. Gehien gustatu zaidana kamera organikoki mugitzen dela da eta oso gertuko planoen aldeko hautua egin dutela; oso erabaki ona iruditu zait. Honi esker, protagonista guztiekin konektatzen dugu, oso gertu sentitzen ditugu eta une oro identifikatzen gara beraiekin. Gainera, bertan gertatzen diren elkarrizketak guztiz sinesgarriak eta oso egiazkoak dira. Umorerako tartea ere badago.
Sukaldaritzaren mundua maite baduzu, Mugaritz. Sin pan ni postre jaki gustagarria irudituko zaizu; zinemaren ikuspegitik, ordea, balio erantsirik eskaintzen ez duen lana iruditu zait, nahiko arrunta.