'Ekografiak'

Morala eta patua

Lide Hernando.
2025eko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreko artikuluan esan nuen TheWhite Lotus-ek zutabe bat baino gehiago idazteko gogoarekin utzi ninduela, eta hitza betetzera noa: telesaila gustuko duzuenok, behintzat, aste honetan dosi bikoitzarekin gozatuko duzue. Oraingo honetan, ordea, azken denboraldiko zenbait pertsonaiatan arreta jarri eta analisi sasi-psikologiko bat egin nahiko nuke, spoilerren bat egiten uzten badidazue behintzat.

Japoniako tradiziotik dator hiru tximuen teoria: gaizkia ikusi nahi ez duena, gaizkia entzun nahi ez duena, eta gaizkiari buruz hitz egin nahi ez duena. Teoria hori hirugarren denboraldiko bizkarrezurra da; bai Thailandiako tximuen edota tximuen irudien planoetan izango duen insistentziagatik, baita Ratliff familiako hiru seme-alabekin sinbolo horri egingo dioten erreferentziagatik. Eta ez da edozergatik izango: izan ere, munduko miseriak ikusi, entzun eta aipatu nahi ez dituzten pertsona ustel andana topatuko dugu atal hauetan: betidanik behar —edo nahi?— izan duen negozioa irekitzeko dirua soborno bitartez lortuko duen langilea; nagusiari men egitearren, bere baitan duen indarkeriaren aurkako izaera purua ustelduko duen langilea; kartzelara eramango dutela jakitean bere familia dirurik gabe bizi ez dadin guztiak erail nahi dituen pater familias-a; bere instintuaren aurka borrokatu arren gorrotoan erortzen amaitzen duen arima kondenatua.

Zeren, bai, telesailak premisa argi bat du: zeure burua traizionatzeko prest bazaude, munduak sarituko zaitu. Hala ere, bada hirugarren denboraldian berrogeitaka urteko hiru emakumek osatutako talde bat, bereziki interesgarria egin zaidana. Batik bat, lehen ataletan zirudienaren kontra, Jaclynek, Katek eta Lauriek telesail honek duen premisaren kontra egiten amaitzen dutelako: euren gatazkak alde batera utzi eta batzen dituenarekin gelditzean, historiaren alde samurrak irabaz dezan lortzen duen gizatalde bakarra da.

Moralaren ustelkeria eta purutasuna, eta patu ona eta txarra kontzeptuak hartu eta koadrante bat marraztuko bagenu, ordea, Chelsea izeneko pertsonaiak izango luke zoririk txarrena. Hemen ere, mezua gezi bat bezain zuzen eta argi jaurtitzen digu Whitek: arimarik puruenak, bere patua ustelagoa den batekin lotu nahi badu, ondoriorik okerrenak ordainduko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.