Lide Hernando.
Ekografiak

Moral zalantzagarria

2024ko uztailaren 18a
05:00
Entzun

Telebista asko ikustera ohitua dagoenak dagoeneko jakingo du umore britainiarra amerikarretik ezberdintzen eta umore espainiarraren eta frantsesaren arteko ñabardurak antzematen. Baina zer esango zenukete umore argentinarraren inguruan? Ez dago dudarik bertan, zinema tradizio errotua dagoen bezala, umoreak ere izen handi asko ekarri dituela; baina egia da, aldi berean, azken urteotara arte gurera ez zaigula ekoizpen argentinar askorik iritsi, are gutxiago umorezkorik.

Horiek horrela, artikulu honetan udarako egun lainotsuetan ikusteko telesail komiko entretenigarri pare bat dakart. Biak azken urteetakoak dira, sortzaile berek sinatuak –Mariano Cohn eta Gastón Duprat–, eta Disney Plus plataforman topa ditzakezu.

Kronologia errespetatuz, lehena El Encargado litzateke, 2022. urtekoa. Herrialdean komediaren izar handienetakoa den Guillermo Francella aktorea du protagonista eta, izenburuak dioen bezala, Buenos Airesko auzo aberatseko eraikin batean atezain eta arduradun den gizon batena egiten du. Jada bi denboraldi ditu, eta hemezortzi ataletan istorio orokor bat ikus daitekeen arren, egia da atal bakoitzak hasi eta bukatzen den istorio bat barne biltzen duela ere, atalak bakarka ikusteko modua ere ematen duena. Arina, barregarria eta sofistikatua aldi berean; eta, noski, Francella bezalako eminentzia bat rol protagonistan gozatzeko aukera eskaintzen du. Ez galtzekoa.

Bigarrena urtebete beranduagokoa da, 2023koa: Nada. Hark ere herrialdeko izen handienetako bat du protagonista, Luis Brandoni; kasu honetan, Manuel izeneko gastronomia kritikari baten rolean. Bizitza osoan bere etxezainaren laguntzarekin bizi izan da, eta hura hil ostean, etxezain gazte bat kontratatuko du. Hor etorriko dira gatazkak. Nazioarteko izenik garrantzitsuenetako bat pantailan edukitzea ere telesailarentzat lagungarri izan zela esango nuke; izan ere, Robert de Niro azaltzen baita ataletako batean.

Biak dira gomendagarriak eta, kasualitatez edo ez, ezaugarririk garrantzitsuena partekatzen dute: protagonista pertsona gorrotagarri bezain irrigarria izatea, alegia. Ez dakit umore argentinarrean tradizio bat den ala ez, baina egia da pertsonaien moral zalantzagarria bikain maneiatzen duten kontu bat dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.