Lide Hernando.
'Ekografiak'

Moldean eginikoa

2025eko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur esatera noakizuen guztia, tamalez, telesail hau ikusi aurretik jada banekien. Eta hori da agian telesail batengandik esan daitekeen okerrena: ikusi aurretik jada badakizula zer pentsatuko duzun horretaz, eta, aurreiritziak batere onuragarriak ez diren arren, behin ikusi ostean usteak egiaztatzeak min egiten duela.

Disney Plus plataformako A thousand Blows lanaz ari naiz, eta testua nahiko era ilunean hasi badut ere, ez dago hain gaizki, baina ezta hain ongi ere: espero nuena zen. Iruditegi eta errekreazio polita duen baina hamar minutuero sakelakoa begiratzera eramaten zaituen telesail horietako bat. Aktore itzelak euren potentzialaren erdian lanean ari direla agerian uzten duen telesail bat. Musikaren tonua maiorretik minorrera aldatu eta berehala, kolpea nondik etorriko den asma dezakezun telesail horietako bat. Molde ezagun, errepikakor eta zehatz batzuetan eginiko lana, alegia.

Steven Knighten —Peaky Blinders— A thousand Blows telesailak XIX. mendeko Londresera eramango gaitu, apurka hazten ari den boxeoaren testuingurura. Hezekiah Moscow —Malachi Kirby— da protagonista, Jamaikatik ihes egindako gaztea. Lanik ezean, boxeoaren munduan zortea probatu eta nahiko ona dela egiaztatuko du. Bere trama Mary Carrenarekin gurutzatuko da —Erin Doherty—; garaian benetan existitutako The Forty Elephants emakumeen lapur taldeko burua —hara, Peaky Blinders-eko mutilak emakumeengandik aldatu ditu, puxtarri feminista bat—. Hirugarren eta azken hanka Hezekiah-ren antagonista izango litzateke: Stephen Graham aktoreak gorpuzten duen Sugar Goodson boxeolaria, benetako pertsonaia historikoa hori ere. Argi dago telesaileko izarra Graham dela, ongi arduratzen baitira sortzaileak bere agerpenaren inguruko jakingura areagotzen: bere izaera gogorraren berri hasieratik dugun arren, lehen ataleko azken minutuetara arte itxaron beharko dugu bera ikusteko; pertsonaia lehenbizikoz bizkarrez ikusteko klixe eta guzti.

Esan bezala, efektu digitalekin egindako XIX. mendeko Londresen errekreazioa ona iruditu zaidan arren, eta Graham eta Doherty bezalako maila altuko aktoreak egon arren —biak, gainera, Adolescence telesail bikainean ikus ditzakegu—, egia da A Thousand Blows-ek ez duela gauza askoz gehiagorik eskaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.