gaizka izagirre
Ekografiak

Moldaketa aparta

2024ko uztailaren 24a
05:00
Entzun

Iragan astean Lide Hernandok Presumed Innocent telesaila gomendatu zuen; bada, gomendio horrekin guztiz bat egiten dut. David E. Kelley sortzaile ezagunak, Harrison Ford protagonista duen Presumed Innocent film mitikoa pantaila txikira moldatu eta protagonista nagusi gisa Jake Gyllenhaal entzutetsua aukeratu du. Rusty Sabichren pertsonaia du ardatz istorioak, izugarrizko eskandalu batean nahastuta dagoen fiskala: hilketa baten susmagarri nagusia da.

Jatorrizko filma ikusi baduzue ere, moldaketa berri honekin gozatuko duzue. Asko harrapatuko zaituen telesaila da, suspense giroa etengabea delako baina baita gidoi biraketak ere. Interesgarriena zera da: liburuaren eta filmaren oinarrizko kontzeptuak hartu, eguneratu eta gai eta ideia berriak txertatu dituela Kelleyk gidoian. Emakumezko pertsonaiak, esaterako, askoz garatuagoak daude telesailean, eta Barbararen pertsonaiari (Sabich-en emaztea) denbora asko eskaintzen zaio; bere barne gatazkak erakutsi eta sufritzen dituen alboko kalteak eta ondorioak agerian uzten ditu. Gainera, pertsonaia nagusiaren nortasuna desberdina da, Forden xalotasuna Gyllenhaalen testosteronagatik ordezkatu dute; gizonezkoen ego mugagabea, nartzisismoa, edota maskulinitate toxikoa aipatzen diren gaiak dira. Alderdi psikologikoak presentzia nabarmenagoa du telesailean. Pertsonaia kopurua apur bat murriztearekin batera, istorio bera, filmean 125 minututan azaltzen zuten, eta hemen sei ordutan; pertsonaia gutxiago badaude, eta hauei eskaintzen zaien denbora zabalagoa baldin bada, bistakoa da sakontasun askoz handiagoa dutela.

Gidoia zorrotza eta zehatza da; ikusleari eskaintzen zaion informazioaren dosifikazioa oso neurtua eta zaindua dago. Ezinezkoa da hurrengo atala ikusteko gogorik ez izatea. Jake Gyllenhaalek du presentziarik garrantzitsuena, eta hamarreko lana egiten du. Anbiguotasun etengabe batean mugitzen da une oro, eta bikainki eusten dio horri; ez dakigu bera izan den ala ez, baina, ikusle gisa, bere senide eta ingurukoei gertatzen zaien moduan, pertsonaia horrekiko mesfidantza iraunkorra da. Gainerako aktoreek ere lan ikaragarria egiten dute. Thrillerrak, drama politiko judizialak eta misterioak gustuko badituzu, hau da ikusi behar duzun hurrengo telesaila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.