Lide Hernando.
'Ekografiak'

Mitoak kitsch eran

2024ko urriaren 22a
05:00
Entzun

Greziar mitologiaren jarraitzaile zaretenontzako, albiste on bat eta txar bat ditut aldi berean. Albiste ona, gai honetan oinarritutako telesail komiko, fresko eta inteligente bat atera duela Netflixek: Kaos. Albiste txarra, ordea, zera da: ia-ia estreinatu eta berehala, plataformen erregeak telesailaren jarraipena kantzelatu duela. Horrek, ordea, ez dizue eragotziko lehen denboraldiarekin telesail labur bat balitz bezala disfrutatzea.

Istorio horretan Jeff Goldblum aktorea —Jurassic Park, Independence Day— Zeus apetatsu eta tirano baten paperean sartzen da. Olinpo mendian duen bizilekua estilo neoklasikoko jauregi zaharberritua da, eta bertan agertuko dira, halaber, Hera, Poseidon eta Hades bere anai-arrebak, baita greziar mitologiako istoriorik harriagirrenetako protagonista diren beste zenbait pertsonaia ere: Ariadna, Minotauroa, Persefone, Orfeo, Medusa, Moirak, Euridize, Prometeo… Herrialde helenikoaren mitologian inoiz zertxobait busti bazarete, kuriosoa egingo zaizue pertsonaia horien berrirakurketa original hauen berri izatea. Telesailaren tonu komikoa ere nahiko originala da; erritmo arraroa darama —zentzurik onenean—, normalean espero duguna baino motelagoa, nahiz horrek ez duen aspergarri egiten.

Charlie Covellek idatzi eta zuzendutako telesail horrek mitologiari ematen dion atmosfera berezia da oso: lehen begiratuan esango genuke Olinpo mendiari eta hain ezaguna dugun unibertso horri gaur egungo kutsu modernoa ematen diola, baina ez da hori zehazki; 1990eko hamarkadako estetika ematen diola esatea gehiago gerturatzea litzateke. Gogoan duzue Leonardo DiCapriok eta Claire Danesek interpretatutako Romeo & Juliet filma, Miamiko auzoetako estetika kitsch eta hortera horretara egokituta zegoena? Bada, horrelako zerbait izango litzateke, baina Made in Greece. Jainkoen tirania, profeziak, heriotzaren zentzua, gizakien errebeldia eta, oro har, mitoek dakartzaten gai unibertsalak topatuko ditugu hemen, horietako batzuek espero ez ditugun plot twist harrigarriak izango dituztelarik, Tarantinok Inglorious Bastards edota Once upon a time in Holliwood filmetan hartutako lizentzia historikoen antzerakoak.

Audientzia-kuotek artearen gainetik agintzen dute, ordea. Pena lan hau luzatzeko aukera galdu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.