Egun batzuk igaro ostean bada ere, Primeran plataformak azkenean ikusgai jarri zuen Zetak taldeak urtarrilaren 3an eta 4an Nafarroa Arenan eskainitako Mitoaroa ikuskizuna. Bi ordu eta laurdeneko ikus-entzunezko ekoizpen landu bati esker, Pello Reparazek eta bere taldeak hainbat hilabetez landutako aurrekaririk gabeko ikuskizunaz goza daiteke; eta benetan diot, ikusle eta musikazale bezala esan ere, merezi duen esperientzia dela. Musikari bezala esan ditzakedanek norabidea apur bat alda diezaiokete artikulu honi, eta ez lirateke telebistan agertutakoaren ekoizpenean zentratuko, aspektu filosofikoagoetan baizik —kontzertuak berak baino, bere inguruan sortu den bonba komunikatiboak musikaren industrian dituen eraginez ari naiz—, beraz, inporta ez bazaizue, dibagazio horiek beste zirkulu batzuetarako utziko ditut.
Aurreko artikulu batean aipatu nuen bezala, gogoko ditut, eta oso gainera, pantaila txikira ekarritako kontzertuen ekoizpenak. 1,60 metro neurtuta, gisa honetako kontzertu handi asko erdizka ikusi beste erremediorik ez dut, sarrera osorik ordainduta ere. Beraz, horrelako kontzertu masiboetan egon ohi diren pantailek sarritan frustrazioa arintzen didate; eta, Mitoaroaren kasuan bezala, zuzenean ikusteko aukerarik izan ez dudan hori pantaila txikian eta ekoizpen landu batekin gozatzeak, frustrazioa arindu baino, esperientzia hobetu egiten didala uste dut.
Eta, esan beharra dut, Mitoaroaren ikus-entzunezko ekoizpena bikaina iruditu zait. Reparazek ondo zekien bere ikuskizunak musikatik bezainbeste edango zuela iruditegitik, eta indarrak ondo bideratu izanaren emaitza iruditzen zait hau. Gurean ez da askotan edukitzen Ameriketako Estatu Batuetako Super Bowlaren edo Grammy sarien banaketen galaren antzeko zerbaiten testigu izateko aukera, eta, hau ere esan beharra dago, Reparazek urteetan zehar irabazi duen dirua horrelako zerbait eskaintzeko erabili izanak sekulako errespetua merezi du. Ikus-entzunezko osoa hartu eta abesti bakoitza piezatan moztuz gero, goi mailako kalitateko bideoklip andana topa daiteke hor; ez da gauza makala.
Ez dakit horrelako gauzek herri baten mitoak berridazteko adinako indarrik duten, baina ziur dakidana da, behintzat, 2025a historia idatziko duten kontzertuz betea egongo dela.