Lide Hernando.
'Ekografiak'

Menendeztik Marcora

2024ko urriaren 10a
05:00
Entzun

Aurreko astean Gaizka Izagirrek honi buruz idatzi zuen arren, nik ere ezin nuen telesail honen gaurkotasuna pasatzen utzi: bai, nik ere ikusi dut Netflix plataforman berriki estreinatu den Monsters: The Lyle and Erik Menendez Story, eta besaulkira itsatsita mantentzeaz gain, hainbat aspektutan zer esan eta zer pentsatu handia eman didan lana da.

Telesailaren testuinguruaz eta tramaz gehiago jakin nahi baduzue, Izagirreren artikulura jo dezakezue, ederki azaldu baitzuen bertan Lyle Eta Erik Menendezen historia. Bestetik, baliteke hemen aipatuko ditudan gauzen artean spoilerren bat egotea; ezin baititut sentsazioak behar bezala adierazi bestela. Izan ere, Beverly Hillseko bi anaia hauen inguruko telesail honetatik gehien harritu nauena, berriz, sortzaileek egiaren eta gezurraren arteko jokoa nola eraiki duten da. Halaber, aste berean telesail hau eta zinemaldian estreinatu den Moriartitarren Marco ikusi izanak, bi lanek gai honen bueltan dituzten antzekotasunak ikustera eraman naute. Badakit oso lan ezberdinak direla funtsean, eta, ia aldi berean estreinatu izan ez balira, ez nituzkeela alderatuko; baina, azken finean, bietako protagonisten gainean dago iruzurraren itzala. Eta, era berean, bi lanek nik orain arte gutxitan ikusitako joko arriskatua planteatzen dute: fikzioaren eta ikuslearen arteko sinesgarritasun-paktua apurtzea.

Menendeztarren kasuan, telesailak hainbat kapitulu erabiltzen ditu José eta Kitty Menendezen hilketaren arrazoiak azalduko dituzten bertsio ezberdinak planteatzeko; horrek ikuslea emozionalki astinduta eta, batez ere, zeharo nahastuta uzten du —Erik Menendezen testigantza kontatzen duen sekuentzia-planodun atala, gezurra edo egia izan, benetan lazgarria da—. Marco filmean, ordea, plano motek eta filtro aldaketek ikusleari askotan dokumental bat ikusten ari delako sentsazioa ematen diote. Plano narratiboan, Enric Marco Batlle hasieratik iruzurti bat dela dakigun arren —ezin zaio geografikoki eta historikoki horren gertu gelditzen zaigun benetako gertakari bati ihes egin—, plano formalean Garañok eta Arregik hartutako erabakiek ispilu-joko oso interesgarriak egiten dituzte egiaren eta gezurraren artean.

Edonola ere, bi lanak bikainak direla esango nuke, eta biziki gomendatzen dizuet ikustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.