Lide Hernando.
'Ekografiak'

Mendebalde zikina

2025eko otsailaren 6a
05:00
Entzun

Ingeles-itzultzaile batengana jo behar izan dut izenburua ulertzeko: American Primeval. Zaila da, hala ere, zehazki itzultzea, baina Amerika primitiboa bezala har genezake telesail horren izena, nahiz eta, askotan gertatu bezala, gaztelaniarako itzulpena nahiko atzean gelditu den epikotasunean: Érase una vez el Oeste. Nolanahi ere, Netflixen berriki jarri duten Peter Berg zuzendari eta ekoizlearen azken lana da gaurkoan aipatu nahiko nukeena.

Ameriketako Estatu Batuetako zinemagintzak hamaika alditan eraman gaituen garai eta generoari ezohiko torloju-buelta bat eman nahi izan diote bertan. Izan ere, telesail hau hitz batek ezin hobeto definitzen badu, hitz hori primitiboa izango litzateke; baina ez ekoizpen landugabea duelako, baizik eta bertan erretratatzen den gizartea eta gertakariak ezin gordinagoak direlako. Zorionez, ez nintzen XIX. mendean Utah-ko estatuan bizi izan, baina zerbaitek esaten dit fikzio honek nahiko modu fidelean irudikatu duela bertan jazo zena; gogoraraziz, azken batean, garai historiko hori ez zela zaldi gainean eta pistolekin malabarak egiten zituzten gizon ohoretsuena izan, baizik eta bizitza egunero jokoan zuten pertsona ikarati eta zikinena. Azken hau irudiek azpimarratzen duten gauza bat baita; ene, zein zikin dauden denak!

Utah estatuan kokatutako Mountain Meadowseko benetako sarraskian du oinarria telesailak. Bertan, paiute indiarrekin elkartutako mormoi milizia batek Kaliforniara iristeko asmoz zebiltzan 120 kolono hil zituen. Tramaren fokua, hala ere, mendebaldeko kostara iritsi nahi duen emakume baten eta bere semearen zeharkaldian dago jarria. Sei ataletan zehar, beraz, azpi-trama ezberdinek garai hartako egoera istilutsua erakusten duten bitartean, bikote horren eta haiekin elkartzen diren beste bi pertsonaiaren ihesaren lekuko izango da ikuslea. Irudi bortitzak jasatera ohitua ez dagoenari ez nioke telesaila gomendatuko, inondik inora ere, hori izango baita, azken finean, lan honek irauten duen sei orduetan gehien ikusiko duena. Harrigarria bezain mirestekoa iruditu zait, ordea, bortxaketa eszena gehienen kasuan elipsia erabiltzeko hautua hartu izana.

Mimoz landutako telesaila iruditu zait, gogorra izanda ere, garai hura filtrorik eta epikarik gabeko lengoaia batekin idaztea erabaki duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.