Ez, irakurle, ez naiz erratu, izenburuak sare sozialaz arituko naizela pentsarazten badizu ere, beti bezala irratiaz hitz egitera natorkizu. Beste asko bezala, hemen nabil X utzi eta Mastodonen aspaldian zabaldu nuen kontua berreskuratu nahian. Urratsa egitea eta inertzia batzuk atzean uztea kostatzen ari zaidala-eta, hona dakartzat sare sozial horretan Nafarroa Garaitik heldu zaizkidan bi irrati-proiektu: dagoeneko betiko isilduta zegoela uste nuen Altsasuko Garraxi irratia eta Radio Venceremos podcasta.
Garraxi 1995ean sortu zen, eta gorabehera eta isilune batzuk izan ditu bere historian zehar; gaur programazio zabala eskaintzen du, eta horretarako beste irrati batzuek ekoitzitako saioak eta hainbat podcast ere eskaintzen ditu, beraiek gaztetxeko estudioetan grabatutakoez gainera. Euskal Herritik egindako saioekin batera, Espainiakoak ere eskaintzen ditu, eta bitxikeria moduan aipatuko nuke Ameriketako Estatu Batuetatik ekarritako Democracy Now izeneko programa. Ipar Amerikako kazetaritza independentearen ikurra, saio horren audioak ingelesez edo espainolez emititzen dira munduko hainbat irrati independente eta komunitariotan.
Beste aldetik, El Salvadorreko oihaneko klandestinitatera eramaten gaituen Radio Venceremos izeneko podcasta ere ez dugu Elon Musken sare sozialean topatuko. Izenak gaztelaniazko saio baten aurrean gaudela pentsatzera eraman gaitzakeen arren, euskarazko saioa dugu dagoeneko bigarren denboraldiaren hirugarren atala argitaratu duen hau. Lehenengo bietan makisen historia azaldu eta gero, azaroaren 26an, berriz, Ikasleria Martxan izenekoan, Europako ikasleen borroka batzuk ekarri dituzte, belarrietarako gozamena den soinu-bandak lagunduta. Ahotsa.Info atarian ere entzungai daude lehenengo denboraldiko atal guztiak, non munduan zehar izan diren iraultza eta herri-borrokak ezagutarazten dituzten.
Bi proiektu horien komuneko ezaugarria da mainstream esparru komunikatiboaren alternatiba izatea, eta, beraz, ez da harritzekoa beren edukiak fedibertsoa deiturikoaren parte den sare sozial batean hedatzea eta ez sistemaren alderdi erreakzionarioenarekin lerrokatutako horretan. Are gehiago, Radio Venceremos-ek Baleafunk podcast plataforman argitaratu ditu atalak, eta ez ezagunago eta komertzialagoak diren horietan. Beraz, uhinetan ez ezik, Interneten ere aukera berriak badaude, eta, erabiltzen hasi ahala, gero eta handiagoa izango da boterearen diskurtsoan sortutako arrakala.