Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Martxoaren 3arekin

2014ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako futbol selekzioak Eurokopa San Mamesen jokatzeko erreparoren bat erakutsi zuten —iheskorki, berehala atera baitzuen sartutako hanka Bizkaiko Foru Aldundiko presidente Jose Luis Bilbaok—. Espainia 2014 Foro Globala Guggenheimen egiteko, ordea, eragozpenik ez diet entzun nik batere. Are gehiago, leku pribilegiatu bat izaten saiatu dira gure agintariak bertan. Eta izan dute: Espainiako errege Juan Carlosen eskuinetara jarri zuten Iñigo Urkullu lehendakaria; Borboikoaren ezkerretara zegoen Christine Lagarde, Munduko diru-funtseko zuzendari nagusia. Hala zabaldu zuten irudia telebistek mundu estura.

Ekonomiako goi bilera Bilbon eta protagonista nagusiaETBrentzat Christine Lagarde. Ados. Parte hartzaileen eta agintariak zerrendatzeko orduan, aldiz, kasu ordenari: besteak beste, Iñigo Urkullu, Juan Carlos Espainiako erregea eta Luis de Guindos Ekonomia ministroa. Lehiakortasuna, hazkundea eta, nola ez, erreformak eta murrizketak izan zituzten hizpide. Eta alferrik ez, noski, baina Bilbo hartuta zuten 1.000 poliziatik gora larri ibili ziren, eta ezin izan zituzten istiluak saihestu. Istiluz betetako goiza izan zen: goi bileraren aurkako manifestaldia zela aprobetxatuz, sistemaren aurkako zenbait taldek zabor edukiontziak erre zituzten, baita denda eta bankuetako kristalak apurtu ere; eta ETBko lankide batzuei eraso egin zieten —epic fail—. Segurtasun neurriak inoizko zorrotzenak izan ziren. Segurtasun neurriak ikaragarriak izan ziren: frankotiratzaileak eta abar. Hala azaldu zigun goiza ETB1eko albistegiak.

Arratsean alarma gorriarekin ireki zuten albistegia. Ez, noski, Bilbokoarekin, euskal kostaldea berriz hartu zuenarekin baizik. Eta denboraleaz gain, albiste izan zuten Bilboko Foru Ekonomikoa. Istiluak, erasoak, zaurituak, zaborrontziak erreta eta hiru lagun atxilotuta. Hala amaitu zen sindikatu eta gizarte eragileek bilera salatzeko eguerdian antolatutako manifestaldia. Mariano Rajoy ere agertu zen arratsaldean, baikor, Espainia egonkortasunetik hazkundera bidean dagoela esanez; baina Urkulluk ez zuen argazkirik nahi izan harekin —oso bestelako hitzaldia eman zuen lehendakariak, pertsonengan oinarritutako eredu ekonomikoa defendatuz—. Eta guztietan bitxiena da hori guztiori gertatu zela astelehenean, martxoaren 3arekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.