Kostata bada ere, komunikabide guztietako agendan sartuta dago Martxoak 8. Ohi bezala, data hurbildu ahala, uhinak emakumeen ahotsez bete dira, eta feminismoak aldarrikatzen dituen zenbait gai lehenengo lerrora heldu dira, baita tertulietara ere. Agenda betea izaten dute lagun feministek martxoko egun hauetan, beren adierazpenak eta testigantzak behar baitituzte hainbat irratsaiotan. Zorionez, iraganean geratu dira ospakizunaren ikuspegi erromantikoa eskaintzen zuten erreportajeak (seguru?). Ezin ahaztu, erasoaldi erreakzionarioari aurre egiteko, sekula baino garrantzitsuagoa dela kalean jarraitzea, urteko borrokaren poderioz lortu duguna gal ez dezagun, ongi baitakigu asko kostatu zaigula.
Beharbada horrexegatik, Euskalerria Irratian Martxoak 8 Faxismoaren aurka izenburuarekin bildu dituzte astean zehar programazioan tartekaturiko elkarrizketak eta informazioa, hedatzen ari den oldarraldi atzerakoiaren aurrean Euskal Herriko mugimendu feministak egiten duen aldarriarekin bat eginez.
Azken egunotan mikroak morez jantzi badira ere, esango nuke, orokorrean, agenda feminista ez dela oraindik guztiz sartu irrati-erredakzioetako goizeko aurreikuspenetan, eta zaila dela informazio, solasaldi eta programazioetan genero ikuspegitik errealitateari begiratzen dioten ahotsak topatzea. Horregatik, hona ekarri nahi ditut euskal irratietan topatu ditudan irla feministak, eta aldez aurretik barkamena eskatzen diet zerrenda honetan sartzea ahaztu zaizkidanei. Otsailean itzuli da Bilbo Hirira Trabeskalea; Arraion, berriz, Patiyoko Atzuak dugu; Hala Bedin, aurrekaria izan zen O no será Edo Ez da Izango ematen jarraitzen dute; Antxetan, Ahapetik euskal emakume sortzaileen ataria da, eta Atarian, Irrintzi Morea eskaintzen dute.
Irratsaio horiei gehitu behar zaizkie podcastak; haien artean, hasieratik jarraitzen dudan Berria FM; Antxetako Gonekin Ero Bero; EITBk eskaintzen dituen Uhin Ultramoreak, zientziari betaurreko moreekin begiratzen diona, Yoko Ona, umoretik interpelatzen gaituen Harpa Jotzen edo ahots gazteek gidaturiko Benetan Zabiz!. Bidean geratu dira beste batzuk: Kirolari Gaittun, Tolosaldeko mugimendu feministaren Hazka, Ama(t)asunak, Bertikala edo Ondas Saria jaso zuen Lokatza... Sentitzen dut irratia egiten duten emakume feminista guztiak aipatu ezin izatea. Horiei guztiei, mila esker! Uhinetan elkar entzuten dugu, Martxoaren 8a eguneroko agendan behar baitugu!