Denbora izateak gero eta balio handiagoa duelakoan nago, eta asko eskertu dut Gabonetako oporraldiak oparitu didan tartea aspaldiko lagunekin egoteko, mesanotxean zegoen libururen bat irakurtzeko edota ezagutzen ez nituen irratsaioak eta podcastak entzuteko. Hala ere, gehienok bezala, planeaturikoak baino gauza gutxiago egin ditudalako sentsazioaz ere itzuli naiz lanera.
Aurkitu ditudan saioen artean Arraio irratian Libe Eizagirrek eta Nora Muñoak bi astean behin aurkezten duten Patiyoko Atzuak nabarmendu nahi dut. 2022an uhinaratu zuten lehenengo aldiz eta dagoeneko hirugarren denboraldiko zazpigarren atala argitaratu dute abenduaren amaieran. Izenak arreta eman zidan. Ikasleei azaltzen saiatzen naizen bezala —arrakasta gutxiz aitortu behar dut—, askotan saio bat entzutera eramaten gaitu, jakin-mina pizten baitu gugan. Sorginak bezala, atsoak, baita mamarratxak ere, aldarrikatzen eta haiei esanahi berria ematen ikasi dugunen artean kokatzen naiz, eta hori topatu dut saioan.
Formula ez da berria: ordubete baino gehiagoko —azkenengoan bi orduko— solasaldi entretenigarria eta umoretsua; adituen esanetan, podcasten entzuleek gustuko duten formatua. Sakonean, berriz, gogoeta feminista hainbat gai eta gertaeraren inguruan. Kulturari, zientziari, musikari eta gizarteari begirada feminista eta queer batez so egiten dieten gonbidatuen laguntza izan dute, eta ez dira edonolako solaskideak, gainera. Esaterako ikasturte honetan mikrofonoetatik pasatu dira Oriyoko Pakak, Aiora Enparantza, Aner Peritz, Akaleiako Oihane Rodríguez, Nerea Hernandez eta Bea Elgezabal.
Denboraldi honetan, saioa bi larunbatean behin entzun daiteke Zarauzko irrati askean, eta nahieran bere webgunean zein Arrosa sarearenean. Urrats berriak ere egin dituzte. Feministaldiaren egitarauaren barruan, azaroan zuzeneko emanaldia grabatu zuten Tabakaleran, publiko aurrean. Otsailean, berriz, Deforme Semanal podcasta Bilbon egingo dela-eta, gonbidapena heldu zaie bertan parte hartzeko; susmoa dute Madrilen bizi den euskaldunen baten bitartez iritsi dela aukera. Ziur nago ez dutela hutsik egingo eta entzule berriengan grina piztuko dutela. Hau ez da, ordea, beste saio batekin egiten duten lehenengo kolaborazioa; izan ere, bigarren denboraldian Hala Bediko 2MatX saioarekinelkarlanean aritu ziren, umorez mamarratxak aldarrikatzen zituen horrek ere, «gorditak, guapak, gilipollasak, gaupaserak, gizenak, guarrak, gazteak, Arabarrak eta gordak».