Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Maite 2014-2017 Gorroto

2017ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Telebistari esker, asko bizi eta ikasi dut 2009tik. Lehenengo bost urteak telebistaren erraietan, ondorengo hirurak aparatuari so eginez. Bitartean, ate batzuk itxi dira, eta beste batzuk zabaldu.

Ikus-entzunezkoen bitartez eta letren bidez, askotariko gaiak jorratzeko parada izan dugu. Lau izan dira irizpide pertsonalak: edukien irakurketa feminista txertatu, teknikaren analisia egin, hedabideetan lan egiten dutenen jarduna errespetatu eta kritika eraikitzailea landu.

Hiru ardatz izan ditugu berbagai: telebistak gizarte garaikidean betetzen duen funtzioa, telebista formatuen eboluzioa eta telebistan agertzen diren pertsona-rolen bilakaera. Hirurak aldagai transbertsalak direla ikusi dugu, hots, elkar elikatzen dutela. Lehenari lotuta, orden hegemonikoaren balioak indarrean mantentzeko tresna, dispositibo edo arma bat da telebista. Horri esker ulertu dugu zergatik ez dion sobera tarterik egiten gizarte kritika landu dezakeen kulturari—sormena eta sortzaileak barne—. Ikusi ditugu ordena mantentzeko bide batzuk: batetik, umorearen erabilera kontrol tresna gisa, eta bestetik, formatuen eboluzioa. Telesailen eta filmen arteko antzekotasunak aztertu ditugu. Haatik, aldaketa nabarmenena, birusa balitz bezala, esparru guztietara hedatu den telerrealitateak ekarri du. Bi horma eraitsi ditu: albistegiak eta politika. Kazetariaren figura lausotu du: informazioa kudeatzeko tresna ala informazioaren protagonista da? Politikarien estrategia komunikatiboetan eragina izan du.

Azken hiru urtetan, teknologiaren protagonismoa erabatekoa izan da. Ikus-entzunezkoen narratiban eragina izan du: gailu teknologikoak protagonista bihurtu dira eta istorioak kontatzeko moduan eragina izan dute. Transmediak indarra hartu du. Telebista tradizionala, Interneti jaramonik egin gabe emankizunen zerrendari lotutakoa, desagertzear dagoela geroz eta argiagoa da.

Horrez gain, eztabaida ugari ditugu mahai gainean: telebista publikoa eta hizkuntza, adibidez.

Maite vs Gorroto izena izan zuen lehen zutabeak, telebista kritikariak maitasuna eta gorrotoaren artean mugitzen zirela esan baitzidaten. Zorionez, ez nau gorrotorik busti eta maitasunetik loratutako 300 testu inguruk hartu dute Ekografiak tartea. Plazer bat, lagunok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.