Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Maitasunaren denbora

2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ez dira garai onenak erromantizismorako. Beharbada horregatik gaur dakartzadan bi podcastetako egileek maitasunaz hitz egitea erabaki dute bakoitzaren denboraldien lehen ataletan. Ez dute ia ezaugarri komunik; ordea, gai bera aukeratzeaz haratago, bien arteko lotura egin dut.

Azaroaren 2an, Iufi! izeneko saioa estreinatu zuen EITBk, Iban Garcia eta Maite Azpiazuren eskutik. Errepikakorra den formatua du: bi pertsonaren arteko elkarrizketa informala da, non ohiko bizitzako gaiak umorez eta lehen pertsonan azaltzen dituzten. Bi esatarien arteko harremana da bitxiena, ama-semeak baitira. Reality eta sare sozialetan ezagunak, bizitzari buruz hitz egingo dute hamabi ataletan, batzuetan gonbidatu batekin solasean, besteetan entzuleen galderei erantzunez. Betiere, berezko ikuspegitik. Elkarrizketen lagunarteko tonua indartzeko akaso, gaztelerazko esamoldeak tartekatzen dituzte etengabe —lagun batek zioen moduan, egoera informaletan euskarak baliabide nahikorik eskainiko ez balu bezala—.

Espainiako Estatuan ugaritzen ari diren saio mota horien arrakasta pertsonaiengan datza; are gehiago, haien komunikazio gaitasunean. Batzuetan zaila egiten zait ulertzea zergatik batzuk influencer edo eragile bihurtzen diren, eta beste asko bidean geratzen diren. Atzean dagoen ekoizpen lana ikusi gabe, ikasleek eredutzat hartzen dituzte saio horiek, eta ez zurrunagoak eta aspergarriagoak iruditzen zaizkien informazioari edo kulturari buruzkoak.

Beste saio batekin lotu dut aurrekoa. «Amodioz blai» abiatu dute OLBEk egiten duen Opera Prima saioaren bigarren denboraldia, eta, maitasunaz hitz egiteko, Romeo eta Julietaren istorioa ekarri digute gogora, Gounod-en izenburuko operari helduta. Enrique Bertek eta Naomi Mendizabalek gidaturiko saio horretaz ez dago, ordea, bat-bateko solasaldirako tarte handirik, eta horregatik hizkuntzaren erabilera formalagoa da, gidoi eta soinu muntaia landuen gainean guztia.

Maitasunak ekarri nau bietara, baina paralelismo gehiago topatu ditut haien artean: biak ekoiztetxeek eginak dira, ezohiko irrati estudioan; irrati parrilatik at entzule mota jakin bati zuzenduak, gizon-emakumeek aurkeztuak, ez dira ordu erdiko iraupenera heltzen... Eta biak entzun ditut atsegin handiz, informazio saioak minez eta heriotzaz beteta datozen garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.