Lide Hernando.

Lotsagabekeria gehiago

2024ko urriaren 3a
05:00
Entzun

Aspalditik datorren albistea da, baina bi aste besterik ez darama gurean:Vaya Semanita itzuli egin da. Irailaren 19an izan zen esperotako estreinaldia, eta ETB2ri aspaldiko ikusle kuotarik onena eman zion: %21,3, hain zuzen. Estreinaldiarekin batera, ez dira falta izan X sare sozialean partekatutako zorion mezuak: «Behar nuena zen, eskerrik asko», «Zoriontsu naiz berriro ere», «A zer poz-pilula!».

Egia da 2003an estreinatu zen saioak ez duela bere esentzia galdu. Garai hartako umore klabea gordetzen du oraindik ere, eta esketx motz eta freskoen estruktura ia-ia ukitu gabe mantendu dute. Oraindik gogoan ditut nerabe nintzenean gurasoekin batera saioa ikusten nuenean botatzen nituen barreak. Gauza bat egia da, ordea —eta hau oso pertsonala da; beraz, barkatuko didazue—: itzulera honetako bi kapituluak ikustean, ez dit garai hartan bezainbesteko graziarik egin. Ondo pasatu dut pertsonaia mitiko horiekin berriro ere gozatzen, baita nola zahartu diren ikusten ere —eskertzekoa esketxetako batean pertsonaien zaharkitzearen inguruko txisteak egin izana, bide batez—. Baina, normala eta osasuntsua den bezala, denborarekin umorea aldatu egin zait. Eta esango nuke gizarteari ere aldatu egin zaiola, nahiz eta nostalgiak pisu handia izan; hortxe duzue eztabaidaezina den %21,3ko ikusle kuota! Hala ere, konfiantza dut antzina horren freskoa izan zen saio hura, atalez atal, umore gaurkotuago batez tindatuko dutela.

Badu Vaya Semanitak gauza bat, ordea, mantendu izanak oso baliotsu eta gaur egunerako beharrezko egiten duena: lotsagabekeria. Gogoan duzue noiz izan zen ETBn ikusitako azken saio lotsagabea? Agintean zeuden horiei, behar zenean, barre egiten ziena? Behetik gora egina zirudiena? Niri bi datozkit burura, biak ETB1ekoak: Wazemank —2007an kantzelatua— eta Barre Librea —2020 eta 2021 bitartean soilik iraun zuena—. Espero dut, batetik, Vaya Semanita-k, nostalgikoen oroitzapen gosea ase ostean, lotsagabekeria horri eutsi eta egungo umorearen klabe berriak gehitzea jada ondo funtzionatzen dion formatuari. Eta espero dut horrelako saio batek euskarazko katean ere lekua edukitzea. Agian ez diogu euskal telebistari %20tik gorako ikusle kuota oparituko, baina zin dagit askorentzako basamortuan oasi bat topatzea bezala izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.