urtzi urkizu

Lepoan hartu eta segi aurrera

2025eko urtarrilaren 11
05:00
Entzun

'bost teilatu'

Film laburrak: Krak, Arnasa, Hitzak, Erlojupekoa eta MugaZuzendariak: Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola, Raul Barreras, Josu Martinez, Leire Egaña eta Eñaut Castagnet.Aktoreak: Eneko Sagardoi, Zorion Egileor, Lore Nekane Billelabeitia eta Kandido Uranga. Iraupena: Orotara, 80 minutu. Urtea: 2022. Non ikusi: Kanalduderen webgunean, noiznahi.

Udalbiltzak sustatutako Geuretik Sortuak egitasmoari esker, 2022. urteko udaberrian euskarazko bost film labur estreinatu zituzten, Bost teilatu lana osatuz. Sortzaile bakoitzak —edo lantalde bakoitzak— herri batean idatzi eta filmatu zituen fikzioak. Guztien batura da Bost teilatu filma, eta, nahiz eta hainbat herritan proiektatu zuten, Kanalduden lehen edo bigarren aldiz ikusteko aukera dago orain.

Bost lanak dira iradokitzaileak, bakoitza bere estiloan, eta bata bestearen jarraian ikusteak xarma eztabaidaezina du —banaka egun solteetan ikustea ere ez da aukera txarra—. Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola Krak filmaren zuzendari eta aktore dira; bi dolu bizitzen ari diren bi emakumeren inguruan josi dute pieza, Tafallan (Nafarroa). Errealismo magikoa darie bi pertsonaien bizipenei eta hitzei. «Biolinista bati eskua mozten badiozu...». Papertxoetan mezuak jasotzen dituzte biek. Amets egiten dute. Amesgaiztotik esna, begiak zabaltzen dituzte. Azkenerako, etxetik irteten diren arte. Metaforikoa bezain hunkigarria.

Eneko Sagardoi eta Zorion Egileor aktoreak Hernaniko (Gipuzkoa) baserri batean sartuko ditu Raul Barreras zuzendariak Arnasa lanean. Bilobak eta aitonak aurre egin behar diote patuari. Musikak indar handia ematen dio irudietan ageri denari: Maite Larbururen Krak-ek galdetzen du «Nora noa?»; eta Hemendik At-en Malkorik ez zuretzako-k bizitzaren amaiera iragartzen du. Identitate sexualaren gaiari modu berezian heldu dio Barrerasek.

Ez du aurkezpenik behar Josu Martinez zinemagilearen Hitzak film laburrak, Bizkarsoro-ren bost lanetako bat baita; hain zuzen ere, 1966. urtean girotutakoa —Baigorrin (Nafarroa Beherea)—. Poxpolo kutxa batean euskarazko hitzak lurperatu, eta «arrindu» egingo dute bertakoek etorkizunean. Ederra zinez.

'Bost teilatu' filmaren trailerra.

Leire Egañari Galdakaon (Bizkaia) egokitu zitzaion Erlojupekoa ontzea, eta Bira Produkzioak ekoiztetxeko Eñaut Tolosa gidoilari finaren laguntza izan zuen horretarako. Jostagarria da oso fikzioa, bideojoko baten itxura ere badu une batzuetan, eta bizikleta banatzaile edo rider desesperatu baten gorabeherak kontatzen ditu. Astronautaz jantzita, denboraz larri, eta, hori gutxi balitz bezala, protagonistari Lander eta Zigor Garro anaia bikiak azalduko zaizkio herio aseguruak saldu nahian —hori baino umore beltzagorik, nekez—. Lore Nekane Billelabeitia musikariak egiten ditu aktore lanak rol protagonistan, eta ez litzateke batere aukera txarra etorkizuneko beste film batzuetarako. Izaten dira amaiera biribileko film laburrak, baina Erlojupekoa-ren amaierak badu bere grazia.

'Erlojupekoa' film laburra
Lore Nekane Billelabeitia, 'Erlojupekoa' film laburrean. KANALDUDE

Eñaut Castagnet zuzendaria Ximun eta Manex Fuchs anaiekin aritu izan da beste ekoizpen batzuetan lanean. Muga film laburrean, berriz, etorkin baten istorioa kontatzen du: lantegi batetik ihesi, adineko gizon baten baserrira iritsiko da. Handik aurrera, bi pertsonaia horien arteko harremana eta istorio laburra garatuz joango da. Kandido Urangak egiten du baserritar marmartiarena —Amama filmeko pertsonaia bera ere izan zitekeen—. Patxi Bisquert eta Olatz Beobide ere taldearen parte dira. Lesakan eta Beran (Nafarroa) filmatu zuen Castagnetek Muga, eta gaurkotasun handiko istorioa harilkatzen du, forma aldetik ezer ikusgarririk egin gabe, baina istorioaren garapena modu paregabean gauzatuz.

Adabaki ekoiztetxeak berebiziko lana egin zuen Bost teilatu-n. Halaber, euskal zinemagintzan azkeneko urteetan lanean ari diren teknikari batzuen eskua ere funtsezkoa izan zen lan horiek osatzeko. Geuretik Sortuak egitasmoan, Lau elementuak film laburren bilduma ere estreinatu dute. Aurten eta 2026an, berriz, sormen bekaren hirugarren aldia martxan izango da, eta zinemagintzan ere iritsiko dira proiektu txiki ameslariak. Erlojupekoa-n ahots batek bizikleta banatzaileari esaten dion moduan: «Lepoan hartu eta segi aurrera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.