gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Lehen profezia

2024ko ekainaren 14a
05:00
Entzun

Zinemetan ikusteko gogoz nengoen, baina hainbat arrazoi tarteko ez nuen film hau harrapatu. Orain, Mickey saguaren plataforma ezagunean estreinatu dela aprobetxatuz, The First Omen filma ikusi dut. 2024an ikusi dudan beldurrezko filmik onena iruditu zait eta azken urteotako film satanikorik onena. 1976ko The Omen film klasikoaren prekuela da —tartean hainbat jarraipen egin dira, telesaila barne, baina nahiko kaskarrak iruditzen zaizkit guztiak—. Istorio horretan zera kontatzen zen: emakume bat hildako haurtxo batez erditzen denean, senarrak emazteari egia ezkutatu eta hark jakin gabe haien hildako haurra haur umezurtz ezezagun batekin ordezkatuko du. Amesgaiztoa Damien izeneko haurraren 5. urtebetetzean hasiko da; izan ere, ume hori antikristoa dela dirudi. Arkasha Stevenson estatubatuarrak zuzendutako 2024ko The First Omen filmak istorio horren aurretik gertatu zena azalduko du.

Margaret izeneko nobizia estatubatuar bat erromatar komentu batera iritsi berri da —Servant telesailean ezagutu nuen Nell Tiger Free aktorearen lana aparta iruditu zait—, erlijiozko bizitzan guztiz murgildu aurretik iniziazio eta proba aldia egin beharko du. Iristen den unetik gauza bitxiak gertatuko dira. Gidoia aurreikusteko modukoa da, eta deabrua, eliza... Naturaz gaindiko filmen topikoz josia dago. Zentzu horretan, ez du ezer berritzailerik proposatzen, baina zeinen ongi erabiltzen eta zukutzen dituen topiko horiek guztiak. Perbertsoa, gordina eta oso iluna iruditu zait; beldurrezko filmetan horrelako erabaki formalen falta handia sentitzen dut azkenaldian eta honek asebete nau. 70-80ko hamarkadako beldurrezko film ugarirekin batera hazi naiz, eta The Exorcist, Rosemary's Baby edota Poltergeist izenburuek utzi zizkidaten arrastoak utzi dizkit honek; hori asko esatea da. Beste garai bateko filmak dira, baina barrenak nahasteko gaitasuna dute oraindik ere eta honek ere lortu du. Tonua, atmosfera eta eszenaratzea bikainak dira, bisualki izugarria iruditu zait. Berriro diot: ehunka aldiz ikusi dugun istorioa duela oinarri, eta muinean ez duela eztabaida eragin dezakeen gai oso mamitsurik, baina beldurraren zaleak garenontzako gozoki bat iruditu zait; asaldatzailea da, eta beldurra ematen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.