Lide Hernando.
Ekografiak

Laugarren pareta

2024ko uztailaren 23a
05:00
Entzun

Aurrekoan aipatutako El Encargado telesail argentinarra ekarriko dut berriro ere gaur; baina beste gai bati buruz hitz egiteko. Telesaila gustatu zaidan arren, azken atalean gertatzen den gauza batek bi gauza eragin dizkit: bat, ezadostasuna; eta, bestea, gai honi buruz hitz egiteko gogoa.

Laugarren pareta apurtzearen kontuaz ari naiz. Ez da gustuko ez dudan teknika bat, inondik inora; baina azken urteotan bogan dagoen teknika bat denez, bogan dagoen guztiarekin gertatzen den bezala, batzuetan justifikaziorik gabeko su artifizial bezala erabiltzen dela uste dut. Eta El Encargado-ren amaieran gertatzen dena —benetako su artifizial batzuk piztearekin batera— justifikatu gabea iruditu zait.

Laugarren paretaren apurketa antzerkitik datorren teknika bat da, eta bere helbururik garrantzitsuena ikus-entzuleak oholtzan gertatzen den istorioaren parte aktibo bilakatzea da, interpelazioaren bitartez. Aktorea zuzenean eurengana zuzentzeak besaulkietan eserita dauden horiek tentsioan jartzen ditu, arreta handiagoa eskaintzera behartuz, eta eurengandik zerbait espero dela sentiaraziz. Hortik zinemara egin zuen salto, helburua eta, ondorioz, erabilera aldatuz. Pantailan laugarren pareta apurtzearen helbururik nagusiena, azken batean, ikusleari informazio gehigarria ematea izan da: arestian off ahotsaren bitartez bete den behar bat, pertsonaia batek edo batzuek zuzenean kamerari begira egitea, alegia.

Baina, nire ustez, interesgarria izateko, oraindik harago joan beharko luke laugarren paretaren teknikak. Fleabag telesailean, adibidez, protagonistaren psikologian gehiago sakontzeko balio du: ezberdina da protagonistak fikzioaren barneko pertsonaiei jakinarazten diena, ikusleriari jakinarazten diguna, eta benetan dena. Horrek egiten du interesgarri laugarren pareta: egiara iristeko gezur geruzek. Bigarren denboraldian, gainera, bigarren funtzio bat gehitzen zaio laugarren paretaren teknikari, protagonistaren interes platonikoak ere pantaila atzean zerbait ezkutatzen dela susmatzen duenean: bi pertsonaia hauen arteko konplizitatea islatzen du horrek.

El Encargado-ren amaierakoa, ordura arte telesailak erabili gabeko kolpe efektista bat iruditu zait, jada ezagutzen genuen pertsonaia baten psikologian erredundatzen duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.