Ekainaren 26an, astelehenean, Ellas saioa estreinatu zuen Espainiako telebista publikoak. La1 kateak martxan jarri duen saioari feminista etiketa jarri diote emakumearen ikusgarritasunean oinarritutako programa izateagatik. Agian, feminista etiketa jartzearekin gainontzeko telebista saioetan ere etiketak jartzera animatu nahi gaituzte. Oso ideia ona da eta ez da ideia berria. Kontua da selektiboki erabiltzen dela: komeni denean saioari etiketa jartzen zaio eta komeni ez denean ez zaio etiketarik jartzen. Garai batean erronbo pareak saioaren edukiaren gaineko oharra egiten zigun. Agian, komenigarri ikusten badute, gaur egun ohitura horri beste modu batera euts diezaiokegu. Adibidez, telebistako edozein saio hasi aurretik, saio horrek islatuko duen sistemaren orden sinbolikoaz jabetuko gaituen oharra egin dezakegu eta pantailaren goikaldean jarri: «Saio hau heterozuzena, patriarkala edo hegemoniaren erakusle da». Egia esan, gure heziketan oso lagungarria litzateke ohar sistema hori erabiltzea.
Blanca Portillok emakumeen ikusgarritasuna ardatz duen saio feminista abian jarri duela diote titularrek. Bestelakoa ere esan genezake, adibidez: dedikazioaren eta lanaren poderioz euren bizitzan lorpen handiak egin dituztenen saioa dela. Ulertuko litzateke horrela saioaren edukia? Definizio horrekin, batez ere, gizonezkoen saioa izango dela baldin badatorkigu burura, zalantzarik gabe, sistema ordenaren inguruko hasiera oharrak beharrezkoak dira.
Portillotik has gaitezke: aktore eta zuzendaria da. Askotariko koloreak dituen aktorea izateagatik da ezaguna, pantaila aurrean jartzen denean haren sinesgarritasunak ikuslea irensten du. Komedian, draman —negar malkoak eta barrea ez al datoz toki berdinetik?— eta thrilleretan ikusi dugu. Antzerkian, telesailetan eta pelikuletan. Estreinako aldia da aurkezpen zein gidaritza lanetan ikusten dugula. Bikain ari da: naturaltasunez ari da, solasaldiak ederto lotzen ditu eta aski ondo ulertzen du, protagonista barik, informazioa helarazteko tresna dela. David de Maria musikariarekin batera suhiltzaileen jarduna hurbiletik ezagutu zuten. Izan ere, Portillok bidaide ezagunak izango ditu: Almudena Cid, Antonio Resines, Pepe Viyuela, Gonzalo Miro edota Soraya Arnelas. Bidaideekin edo gabe, bide luzea egin dezala.
EKOGRAFIAK
Lasaitasun etiketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu