gorka julio
Teknologia berriak

Lasaiago nago orain

2024ko ekainaren 15a
05:00
Entzun

Uda dator, eta betaurreko batzuk erosi behar nituenez, Y enpresaren BK edo betaurreko konektatuak erosi nituen. Lehen aldia zen horrelako batzuk neramatzala, Internetera konektatuak, bi kamera txiki iskinetan (ia ikusezinak) eta kristal pantailak; betaurreko arrunten oso antzekoak dira. Ez nion, baina, lizentziari erreparatu, eta haserretu egin naiz.

Lizentzia batekin etortzeak harritu ninduen, baina denok egiten dugun bezala, aurrera sakatu nuen dendan eman zidaten pantailan. Kutsu zaharrekoa izango naiz, baina produktu bat erosten duzunean, nahi dudanerako eta kontrol gabe erabiltzea espero dut; ez da horrela!

Lizentziak bi urteko zerbitzu epea du. Horren ostean, berriro ordaindu beharko dut; Interneteko konexioa ordaintzen ari naiz jada, baina orain kristal pantailetan agertzen den informazioa ikusi nahi badut edota eguneraketak eskuratzeko berriro ordaindu beharko dut bi urtera. Ez du zentzurik, produktuaren bizitza osorako beharko luke tresnak, bestela betaurreko arruntak erosiko nituen.

Hurrengo pasartean tramankulua erabiltzen jarraitzeko onartu beharrekoen artean hau jasotzen zen: «Kamerek grabatutako edukiaren erabilera ez-esklusiboa, mundu mailakoa, azpikontratatu daitekeena eta doan erabil daitekeena erabiltzeko, erreproduzitzeko, jendaurrean erakusteko, banatzeko, aldatzeko eta lan eratorriak sortzeko lizentzia eskuratzen du Y enpresak». Hau da nire bizitzako momentu publiko, pribatu eta intimoetan jasotzen dena erabiltzeko baimena.

Enpresak dio erabiltzaileek beren edukiaren jabetza mantentzen dutela, beren AA sistemak entrenatzeko eta erabiltzailearen esperientzia hobetzeko baliatuko dituela soilik. Baina ez da gure edukiez ari, gure bizitzez ari da hitz egiten. Ongi pentsatuz, azken buelta honek baditu aurrekariak. 2024an Adobek bere Photoshop bezalako tresnak erabiltzeko ezarri zuen lizentzia edota Metak egin zuenaren oso antzekoak dira. Bere momentuan zerbait egin izan bagenu... Horien kontra irmo altxa, presioa egin eta legez debekatzea lortu izan bagenu... Beharbada. Inoiz ez da berandu.

Y enpresaren egoitzaren aurrean nago, ate aurrean dagoen zabor ontziari su eman ondoren, bertara bota ditut betaurrekoak, jendearen txalo artean. Lasaiago nago orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.