Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Lagunen artean

2024ko ekainaren 2a
05:00
Entzun

Adimen artifizialak liluratuta ditu inguruko batzuk, eta horietako baten batek uste du teknologia horrek aukera berriak zabalduko dituela irratian ere. Ez dut zalantzan jartzen, baina momentuz ez dut horretan murgildu nahi, eta ikasleei ChatGPT-k zabaldu ahal dituen bideak azaldu behar dizkiedan arren, ez ditut animatu horiei jarraitzeko. Eta ez, ez dute iruzurrik egiteko erabili ere.

Irratia zerbait bada, lagunen arteko solasaldia da. Nork ez dio interpelatu hitz egiten ari den esatariari ados ez dagoenean, irribarre egin entzundakoaren aurrean edo haserretu ez dagoelako ados? Eta hain ezaguna egiten zaion ahots horren jabea edonon ezagutuko luke, inoiz aurpegia ikusi ez balio ere, etxekoa baita, gosaltzen, gidatzen, kozinatzen edota korrika egiten ari denean laguntzen baitu.

Horregatik izugarri poztu nau Joana ikasleak Spotifyn argitaratu berri duen Tabuhh podcasta hurbileko lagun batekin gauza intimoak partekatzea bezalakoa dela aitortzeak, hitz egiten eta entzuten dutenen artean gune segurua. Horrek eramaten du ahapeka, igorlearen eta hartzailearen arteko distantzia intimoa eraikiz, azaltzen ohi ez diren baina partekatzen diren emozioez mintzatzeko. Bi atal jarri ditu entzungai, baina gehiago etorriko dira, unibertsitateko lan batetik harago doan proiektua baita.

Konfiantza eta konfidentziarako espazioa ere eraiki dute Amaia, Irune, Idoia eta Irati ikasleek, kasu horretan emakumeak izateagatik jasaten duten eguneroko indarkeria matxistari buruz hitz egiteko, jarraitutasuna izan dezan gustatuko litzaidakeen saioan. Esparru pribatutik publikora atera dute lagunen arteko solasaldia, entzulea mahaian esertzeko gonbidatuz.

Gertutasuna da ere 25. urtebetetzean lagunak diren entzuleen inplikazioa lortzeko sekretua. Uztailean Oiartzun Irratiak mende laurden bat beteko du herriaren ahotsa izaten; ospakizunak dagoeneko hasi dira eta oiartzuarrak horien parte dira, sare sozialetan partekaturiko argazkietan ikus daitekeen bezala.

Normalean entzuten ez nuen irrati bateko esatari baten eta bere entzuleen arteko konplizitatearen lekuko, gogoratzen dut adineko emakume batek deitu eta betiko lagunari bezala bezperan kalean partekaturiko momentu bat gogorarazi ziola, irratitik ari zirela ahaztuta, merkatuan berriz topatu izan balira bezala. Zergatik ez? Sukalderaino sartzen uzten zuen goizero, konfiantza eta adiskide harremana eraikiz, etxeko bihurtu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.