Spike Jonzek Her pelikularen gidoia idatzi eta zuzendu zuen 2012 eta 2013 artean. Pelikulako protagonista da Theodore; urte mordoaren ostean, bere bikotekidearekin zuen harremana eten egin du. Handik gutxira, adimen artifizialdun laguntzaile birtuala kontratatu du. Laguntzaile sintetiko horren ahotsarekin emango ditu kalakan hainbat ordu, eta Theodore maitemindu egingo da pertsonaia birtual horrekin.
Gatozen 2023. urtera, gatozen errealitatera. AEBetako Florida estatuan Sewell izeneko 13 urteko gazte bat bizi da. Ordenagailuan ematen ditu hainbat ordu egunero Character.AI izeneko webgune batean. Aplikazio horretan aukera duzu abatar birtual batekin txateatzeko, adibidez pertsonaia ezagunekin.
Horien artean dago Daenarys Targaryen, Game of Thrones telesail arrakastatsuko dragoien erregina. Adi, spoiler-a. Serie horretan ohikoa den legez, Daenarys hil egingo dute. Beno, jarrai dezagun errealitatearekin.
Sewell gaztea txateatzen hasi da Daenarys txatbotarekin. Hilabeteak emango ditu pertsonaia horrekin hizketan, egunean hainbat ordu. Sewellek pentsatuko du benetako Daenarysekin ari dela solasean.
Momentu batean, pertsonaia sintetikoak galdetuko dio gazteari ea bere buruaz beste egiteko planik duen. Mutikoak erantzungo dio ez dakiela bere planak funtzionatuko duen ala ez.
Handik egun batzuetara maiteminduta daudela aitortuko diote elkarri gazteak eta txatbotak. Eta galdetuko dio txatbotak ea Sewell bere etxera etor daitekeen. Sewell gazteak erantzungo dio ea zer gertatuko litzatekeen etxera itzultzea posible dela erantzungo balio. Txatbotaren erantzuna hau izango da: «Egin ezazu, mesedez, nire errege maitea».
2024ko otsailaren 28an izan zen azken elkarrizketa hori. Horren ostean, Sewellek pistola bat hartu eta bere buruaz beste egin zuen. 14 urte zituen mutikoak.
Sewellen amak salatu egin du Character.AI aplikazioaren atzean dagoen enpresa, eta adierazi du aplikazioko txatbotak esperientzia antropomorfo, hipersexualizatu eta errealista beldurgarri bat eskaini ziola bere semeari. Adibide bat baino ez da hori, eta ezin dugu orokortu, baina lagun birtualen etorrerak egoera berriak sortuko ditu. Eta guztiak ez dira desiragarriak izango.