gaizka izagirre
Ekografiak

Kulebroiak

2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Sentimenduen gorespena, azpitramen ugaritasuna eta estereotipoen erabilera etengabea dira telenobela, kulebroi edo ingelesez soap opera gisa definitzen ditugun horietan errepikatzen diren osagaiak. Kulebroietan, maiz, argudioak aldi berean garatzen dira, gurutzatu eta gertaera berriak sortzen dituzte; tramak atalez atal irekiak geratzen dira, eta, ondorioz, ikusleak fidelizatzeko gaitasun handia duten produktuak izaten dira. Familiako bizitza, harreman pertsonalak, drama sexualak, eta gatazka emozional eta moralak ere nabarmentzen dira. Gehienek leku edo eremu jakin batean bizi diren pertsonaiez osatutako talde baten bizitzei jarraitzen diete, eta bereziki familia zabal batean edo gehiagotan zentratzen dira. Maitasuna zein ezkutuko harremanak ere garrantzitsuak izaten dira.

Lasai, ez nator-eta kulebroien inguruko eskola magistral bat ematera. Fantasiaren aterkipean, Erdi Aroko kontakizunen kodeak eta narratiba erabiliz, eta kalitatezko ekoizpen diseinuan indar berezia jarriz, baina Game of Thrones eta bereziki House of the Dragon kulebroiak direla pentsatu izan dut hasiera-hasieratik. Ez pentsa hau mespretxuzko zerbait balitz bezala esaten dudanik, alderantziz, baliozkoa iruditzen zait; Game of Thrones oso gustura ikusi nuen. Une apartak zituela uste dut, eta pantaila txikiaren historiarako betiko geratuko diren une ahaztezinez josia zegoen. Mugarri izan da hainbat alorretan eta nahiz eta denboraldiz denboraldi ahuleziak nahiko agerian geratu ziren, batez ere azken txanpan, ez dut inondik inora neure burua hater-enmultzoan kokatzen. 2022an House of the Dragon prekuela estreinatu zuten: Daenerys Targaryenen istorioaren aurretik girotua, eta errege baten ondorengotza arriskuan dagoen unean, Viserys Targarienen erregealdiaren bederatzigarren urtean. Lehen ataletan gehiegi konbentzitzen ez ninduen arren, atalez atal nortasun propioa eraiki duela iruditzen zait, eta oso telesail txukuna egiten ari direla. Tonuan, girotzean, estetikan, pertsonaietan eta ekoizpenean oro har jatorrizko telesailaren esentzia osoa topatu daitekeen arren, gidoiari eta pertsonaien arku dramatikoari dagokienez, gertuago dago Succession edo halako telesail batetik Game of Thrones-etik baino. Kulebroi oso gomendagarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.