Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

'Kuir'

2025eko apirilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dakit algoritmoaren kontua den edo, besterik gabe, kasualitatea, baina zoriak ekarri zidan Errenteriako Zintzilik irratiko #Kuirartxiboa saioa, utzi ala ez utzi nabilen sare sozial batean. 18. atala zen bat-batean agertu zitzaidana, non bertako Ereintza dantza taldeko Ziortzak eta Maddik euskal dantzaren eta generoaren inguruko hausnarketa interesgarria egiten duten, baita historian izan den rol aldaketaz ere, zentzu batean emakumeen parte hartzearen hazkundearekin eta gizonezkoenen jaitsierarekin batera gertatu dena. Leku segurutzat jotzen dute taldea, non bakoitza modu askean bere izaeraren arabera onartzen den, eta elkarren zaintza bultzatzen duten.

Apirilean argituriko azkena entzun eta gero, 2023ko abendutik, hau da, sortu zenetik gaur egun arte eskainitako ataletan murgildu nintzen, egileek dioten moduan «Orereta eta Oarsoaldeko LGTBI+ memoria kolektiboan barrena bidaiatzeko» gonbita onartuz eta haiekin okertzeko prest. Elkarrizketa edo solasaldiaren bidez, hainbat gai jorratzen dituzte irratsaioz irratsaio (herri borrokak, euskara, feminismoa, kultura, trans mugimendua) betiere kuir begirada batetik, eta tokian tokiko protagonistekin, iragana eta orainaldia aztertuz.

Ez nau harritu LGTBI+ begirada duen saio hori Zintzilik-en entzuteak, oso lotuta egon baitira beti disidentziak eta irrati libreak, beti eskaini baitiete bozgorailu bat, mainstream diren medioetan nekez aurkitzen dena. Ustekabean harrapatu nau, berriz, saioaren sorreraren atzean ikerketa beka bat dagoela jakiteak. Izan ere, gidoian eta mikrofonoetan dauden Uxue Diez Guiral, Maite Azabal Gallego, Ane Fernandez Trigo eta Aitor Narbarte Alvarez ikertzaileek Oarsoaldeko LGTBI+ kolektiboaren memoria aztertzeko egitasmo zabal baten barruan sortu zuten irratsaioa, ikerketaren barruan jasotako informazioa herritarrei ezagutzera emateko gogoz. Egitasmoa osatzen dute webguneak, sare sozialetako soslaiak eta herritarren testigantzak jasotzeko mapa interaktiboak.

Ez da ohikoa ikerketa batek irratsaio baten itxura hartzea, baina argi dago dibulgazio tresna egokia izan daitekeela formatu akademiko estuegietatik haratago. UEU, EHU edota NUPek podcasta zabalpen zientifikorako euskarri moduan erabili badute ere, oraingo honetan hurbileko irratia aukeratu izanak agerian uzten du herritik sorturiko jakintza herriari itzultzeko asmoa, memoria kolektiboaren gordailu izan dadin. Eta esango nuke hori ere nahiko kuir-a dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.