Lide Hernando.
'Ekografiak'

Kontrola galtzea

2025eko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Bai, oportunista nazkagarri bat naiz. Michael Jackson eta Amy Winehouse hil zirenean hasi nintzen euren lana beste begi eta belarri batzuekin ikusi eta entzuten; kontziente naiz Nirvanak edota Janis Joplinek sortzen duten miresmenak euren heriotzaren erromantizazioarekin zerikusi zuzena duela eta, hala ere, jainkoak bailiran gurtzen ditut; eta ni ere, zu bezala, hasi naiz berriro lehen batere ulertzen ez nituen David Lynchen filmak ikusten.

Eta lehen baino gehiago gustatu zaizkit. Bai, kontziente naiz; esan dizut oportunista nazkagarri bat naizela. Zu bezala.

Amazon Primen topatu genuen Mulholland Drive filma, adibidez. XXI. mendeko film onena dela dio kritikari askok, eta bere garaian ikusi nuenean, ez nuen ulertu zergatik. Orain, ordea, Lynchen heriotza tarteko, interes handiagoarekin ikusi dut filma, narrazio ulergaitz hori hobeto barneratzeko asmo argiarekin. Eta, hara, ulertu ditut arestian harrapatu ez nituen hainbat gauza. Ulertu dut zer den ametsa eta zer ez; ulertu dut giltza urdinaren kontuak erruarekin duen lotura; ulertu dut Lynchek Hollywoodi egin nahi izan zion kritika zorrotza; baina, batez ere, ulertu dut ez dudala zertan filma arrazionaltasunaren legeen baitan ulertu. Gauza guztiek ez dutela zentzurik izan behar; eta ondo dagoela horrela.

Duela hamabost urte Nicole Kidmanen The Interpreter filma zineman hiru aldiz ikusi zuen nire ni nerabe desesperatuari esango nioke orain lasai egoteko, ez dela ezer gertatzen den-dena ulertzen ez baduzu. Kontrola galtzea, gehienetan, txarra baino, ona dela. Lynchek bazekien hori. Ez kontrola galtzen, berarekin lan egin dutenek argi esaten baitute plano eta hitz bakoitza eramaten zuela pentsatuta errodajera; bai, ordea, guri kontrola galarazten. Lynch paraxutean zurekin atzean doan aditua da, eta gu, bere imajinazioaren amildegiari begiratu eta salto batez geure burua botatzen dugunak, konfiantza beragan jarriz. Oportunista bat naiz, badakit; baina bera hil ostean ulertu dut benetan horren balioa.

Orain arte nagia ematen zidan Twin Peaks telesailarekin jartzeko unerik aproposena hau dela esatea falta zait. Denok dakigu ezetz, etikoagoa zela maisua bizirik zegoen bitartean egitea hori; baina nik, zuk bezala, orain egingo dut; eta hori ere, agian, ez dago hain gaizki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.