Lide Hernando.
'Ekografiak'

Konexiorik ez

2025eko martxoaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Disney Plus plataformako Paradise telesailak zeresan handia eman du, batik bat bere izaera katigatzailearengatik: Gaizka Izagirrek aurreko batean esan bezala, telesailak pilatzen duen plot twist andana izan liteke horrenbeste jende katigatzearen arrazoi. Eta hein batean ulertu dut zergatik: ni neu ere hurrengo atala noiz ikusiko zain egon naiz, buruan marmar ia entzunezin bat bueltaka nuela, jakin nahi bainuen hurrengo ataleko berrogeita hamar minutuetan zer gehiago gerta ote zekiokeen protagonistari, trama oraindik eta gehiago aldrebestuko zuen zein sorpresarekin topo egingo ote genuen.

Telesaila ikusten amaitu eta —o, sorpresa— hurrengo denboraldi posible baterako hainbat misterio argitu gabe utzi dituztela jakinda, aurretik hainbatetan sentitu dudan dezepzioa bueltan etorri zait, ordea. Esan bezala, Paradise telesailean ia ezer ez da hasieran dirudiena, eta gidoi aldaketak launaka zenbat daitezke atal bakoitzean; beraz, ezingo nuke lan honen sinopsia egin hatzik erre gabe. Hala ere, saiatuko naiz nire sentsazioak uler ditzazuen saiatzen.

Collins da telesail horretako protagonista, eta Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen zaintzaile nagusia da. Baliatu dezakedan spoiler bakarra erabiliz, telesaila presidentea erailtzen duten unean hasten dela esango dut; hortik aurrerakoa, txukun ondutako thriller batez gain, zientzia fikziozko ipuin ere bilakatzen da. Kontua da, ordea, gidoiak banan-banan erakusten digun egoera katastrofiko bakoitzaren aurrean hasieran harridura atsegin bat sentitzen den arren, apur bat pentsatu ostean logika guztia lurrera erortzen dela. Eta, beraz, ohartu naizela bukaerarako ez dudala lortu pertsonaia bakar batekin konektatzea. Julianne Nicholson bezalako aktore puska bat gaizkilearen paperean jarrita ere, ez dut bere drama momentu bakarrean irentsi: ama gisa iraganean gertatu zaionak ez du justifikatzen gerora eragiten duen sarraskia. Halaber, Collins agentearen eta presidentearen paperak nahiko lauak iruditu zaizkit; eurak gorpuztu dituzten Sterling K. Brown eta James Marsden aktoreak izan daitezke horren errudun.

Zazpigarren atala izan daiteke txukunena: sinesgaitza dirudien arren, atal horretan ageri den hirugarren mailako pertsona batekin konektatu dut gehien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.