urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Kolonialismoaren garaikurrak

2024ko maiatzaren 14a
05:00
Entzun

1934. urtean, Portugalgo Gobernuak erakusketa kolonial handi bat jarri zuen Porto hirian. Ez zen mota horretako lehen erakusketa izan, eta ez zen azkenekoa izan. Erakusketa hartara Portugalgo Gineako herritar batzuk eraman zituzten, eta herritarren aurrean jarri zituzten. Erakusgarri. Kolonialismo zibilizatzailearen garaikur gisa. Tartean zen Rosinha izeneko emakume gazte bat, eta neska hura erakusketako ikono nagusietako bat izan zen bolada batean. Erakusketa haren ingurukoak dokumental interesgarri batean jaso ditu Marta Pessoa zinemagileak. Kolonialismoaz hausnartzeko begirada pausatu eta emankorra eskaintzen du Rosinha e outros bichos du Mato filmak.

Azkeneko urteetan egin izan dira kolonialismoaren gaineko beste lan interesgarri batzuk. Raoul Peck zinemagileak Exterminate All The Brutes dokumental saioan —HBO—, esate baterako, begirada zorrotza eta kritikoa eskaini zuen. Auzian jarriz narratibetako historia ofiziala, eta herrialde boteretsu kolonialisten jarreren aurka gogor joz.

Oso lan interesgarria ondu zuen baita ere Javier Fernandez Vazquez (Basauri, Bizkaia, 1980) zinemagileak Anunciaron tormenta dokumentalean. Berlinale jaialdian estreinatu zuten, eta lan horretan Espainiako kolonoek bubien aurka Ekuatore Ginean egindako basakeriak jaso zituen.

Pessoaren dokumentalak ere kolonialismoaren begirada kritikoa egiten du. Horretarako, artxiboko irudiak baliatzen ditu —agerian gelditzen da erakusketa kolonial hura oso handia izan zela, eta Portugalgo agintariek dirua eta baliabideak jarri zituztela horretarako—. Eta, bestalde, zinemagileak metafora bat erabiltzen du: museoetan disekatuta jartzen dituzten animaliak erakusten ditu, eta garaikur horiek alderatzen ditu, nolabait, kolonoek Afrikatik ekarritako pertsonekin. Pessoak egiten ditu alderaketa gehiago: erakusketa hura gertatu baino bi hamarkada lehenago, Portugalgo herri batzuetan bizi ziren emakumeen argazkiak atera eta argitaratu zituzten, eta, emakume haiek orduko jantziekin nola ageri diren erakusgarri, nola aurkeztu zituzten aztertzen du egileak. Genero begiradak zeharkatzen du dokumentala une askotan. Ez baitzituzten modu berean aurkeztu 1934ko erakusketan Rosinha erdi bilutsik eta beste gizon afrikar kolonizatuak.

Belaunaldi berrien begiak

Dokumentalaren egilea, bestalde, ez da iraganaren kritika hutsean gelditzen. Kamera aurrean jartzen dira gazte arrazializatu batzuk: Portugalen jaioak dira, Portugalen bizi dira, baina haien gurasoak edo aitona-amonak Afrikako herrialde kolonizatu batzuetakoak ziren. Haietako batzuek badute arbasoen sufrimenduaren berri. Baina beste batzuek, ez. Eskertzekoa da halako lan batean gazte horiei ahotsa ematea, eta zuzendariak Rosinharen istorioa haiekin partekatzea. Erritmo lasaian egiten du hori guztia zuzendariak, presarik gabe, eta bide batez, ikusleari Rosinharen istorioaz pentsatzeko beta emanez. Filmak ez du erritmo frenetikoaren beharrik, inola ere.

Dokumentala: 'Rosinha e outros bichos do mato'.
Dokumentala: 'Rosinha e outros bichos do mato'. DOCS BARCELONA

Kontuan hartu behar da belaunaldi batzuetan Portugalen mantra bat izan dela haiena kolonialismo «arina» izan zela, arrazismoa ez dela gogorra izan. Ahotsa izan dutenek errepikatu izan baitute beste herrialde batzuetako kolonialismoa «askoz okerragoa» izan zela. Kontsolamendu eskasa izaten da halakoetan. Eta horri zintzotasunez begiratzen dio Pessoak Rosinha e outros bichos du Mato lanean. Ematen du zer pentsatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.