benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Klikatu hemen

2025eko otsailaren 22a
05:00
Entzun

Dozena bat urte baino gehiago izango dira Colectivo Burbuja izeneko elkartearen podcast bat entzuten hasi nintzela. Ekonomiari buruzkoa zen, eta bertan, Josean Paunero bilbotarrak kolaboratzen zuen. Denetariko ahotsak entzun zitezkeen, komunistenetik hasita ultraliberaleneraino. Eskertzekoa zen hango giroa, atalen %99tan errespetua gailentzen baitzen.

Joseanen ibilbideari jarraitu diot gaur arte, batez ere, Jordi Llatzer komunikatzailearen eskutik joan baita. Bide batez, gomendatzen dizut entzutea Jordik Kike Amonarrizi 2021ean euskarari buruz egin zion elkarrizketa. Hamaika mila entzunaldi ditu iVoox plataforman, eta hogeita bost mila Youtuben.

Joseanek bere azken newsletter edo berripaperean galdetegi bat zabaldu du, zintzoak ez diren eduki sortzaileak detektatzeko. Berak argi du, muturreko emozioek ondo funtzionatzen dute sarean. Bitxikeria bat: bada Youtubek eduki sortzaileei eskaintzen dien CTR izeneko datu bat. Bideo batek jasotzen duen klik kopuruaren eta erakutsi den aldien arteko ehunekoa da CTR hori. Eta ez da erraza ikuslearen lehen klik hori eskuratzea.

Azoka birtual horretan, eduki sortzaile batzuk hasiko dira bideoen azal deigarriak asmatzen. Harridura aurpegiek, izenburu deigarriek, katastrofistek edo iradokitzaileek amu bezala funtzionatzen dute. Zuk egizu klik bideoan, eta gero gerokoak.

Bestetik, ikusle bezala, Youtuben bideo bat ikusi nahi izanez gero, algoritmoak egingo dizu bideoen aukeraketa proposamena. Ez dizu gomendatuko harpidetuta zauden kanalen bideoen zerrenda. Horren ordez, ikusteko probableenak diren bideoak eskainiko dizkizu. Gehien atrapatuko zaituztenak sarean.

Azken urteotan ikusi dugu sare horiek, izan Youtube, X, edo dena delakoa, sarritan oihartzun-ganbera bihurtzen direla, diskurtso polarizatuak gomendatuz. Ez dago zalantzarako tarterik. Ez dago grisik.

Psikologo bati entzun nion bezala, sare hitzak baditu hainbat aldaera. Sarea izan daiteke sistema bat osatzen duten lerro, bide, hodi edo beste elementuen multzoa. Baina baita hariak ehunduz zenbait espezie harrapatzeko osatzen den tresna ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.