Astearteko Frantziako Tourreko etapak irudi asko utzi zituen. Izan ziren protesta eta geldialdia, erorketa ikaratzeko eta erabakigarri bana, bigarrenez irabazi zuen txirrindulari abilaren jaitsiera beldurgarria eta enegarrenez bigarren egin zuen euskaldunarena, talde betikoaren nagusitasuna... Bazkalostean, jarraitu egin nuen etaparen telebistako emanaldia, kate batetik bestera, eta gaueko albistegietan ere saiatu nintzen han eta hemen gertatua nola kontatzen zuten jarraitzen. Izan ere, nekazari batzuen protestaldiak txirrindularien bidea eten zuela hainbestetan entzun ondoren, jakin-mina izan nuen horretan inork sakonduko ote zuen jakiteko. Ez zuten egin, espero izatekoa zen bezala.
Atentzioa horrek ematen dit, ezerk ematekotan. Alegia, pertsona talde batek, gainontzekoek egin bezala, zale izan eta gozatzeko aukerari muzin egin, protesta egiteko beharra plazeraren gainetik jarri, eta haien helburuaren muinari inork ez begiratzeak. Hainbestetan etena eta protesta aipatu, txirrindulariak geldirik ageri diren irudiak eman, negar gasak kirolariei eragindakoa aipatu, polizia manifestariak era oso makurrean tratatzen erakutsi eta ia inor ez ahalegintzea azaltzen haien protestaren arrazoiak eta helburuak. Zergatik egin zuten, zerk eraginda, nori ari zitzaizkion protestan, zeren kexu, zeren eske. Hori bailitzateke emanaldi oso eta erakargarria niretzat, aukera baliatu eta kirol emanaldiari testuinguruaren balio gehigarria txertatzen diona. Munduaren eta testuinguruaren konplexutasuna egiteko zehatzaren barruan txertatzen duena. Nik ikusi nueneraino, ez zen halako ahaleginik izan. Irudiak bakarrik eman dituzte, azalpenik gabe, batzuk gehiago eta besteek gutxiago bada ere, protestaren benetako helburuaren kaltetan. Gauean, Gorka Izagirre txirrindulariaren hitzak iritsi zitzaizkidan. La1 telebista katean gertatuaz galdetuta, protestan ari zirenek egin zutena egiteko haien arrazoiak izango zituztela erantzun zuen. Ez da ohikoa kirolariak halako erantzuna ematea, umil, lasai eta argi; eskertzekoa da, oso. Esanguratsua da zuzenean kaltetua izan denak —bere neurrian— sentsibilitate handiagoa erakustea gaiaz, informazioa eskaintzeko ardura dutenek baino. Nekagarri eta frustragarria da garaiotan, oraindik ere, kirola kirola soilik ez dela aldarrikatzen aritu beharra.
EKOGRAFIAK
Kirola soilik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu