Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Kanpaina, berriz

2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Berriro ere kanpainan gaude. Telebista piztu, eta politikariak gure botoa eskatzen hasiak dira, eta déjà vu iraunkor batean bizi garela dirudi. Hego Euskal Herrian denbora tarte gutxian bi hauteskunde kanpaina jasaten ari gara. Jasan, bai. Udan gaude, baina telebista jartzean, udako saioekin bat, saio politikoak aurkitzen ditugu.

ETB1en eta ETB2n gastronomiarekin erlazioa duen saio dezente aurkituko ditugu udan zehar, eta politikaz ahazteko aukera aparta izan daitezke. Baina zapping egiten dugun bitartean, bestelako saioak topatuko ditugu. Udaran ohikoa ez dena ikusten ari gara. La Sexta katean El Intermedio saioa luzatu egin da, baina Wyoming aurkezleak oporrak hartu ditu. Haren ordez, Dani Mateo ari da, eta, zalantzak banituen ere, nahiko lan ona egiten ari da.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aurreratzeko erabakiak Ana Rosa Quintanaren planak ere guztiz aldatu ditu. Sálvame saioa bertan behera utzi ostean, irailean goizez eta arratsaldez egongo zela adierazi zuen. Aldaketa honekin, Quintanak bere oporraldia murriztuko du, eta elkarrizketa nahiko mediatikoak egiten ari da bere saioan. Irailean, aldiz, ez dakigu zer egingo duen Telecinco katean.

Ezohiko kanpaina izaten ari da. Oso azkar egin behar izan da prestaketa, eta ezusteko batzuk aurkituko ditugu hedabide batzuetan. RTVEn, esaterako, Falangeko iragarki bat emango dute, eta bertan Cara al sol ereserki frankista entzungo da. Egoera salatu dute, baina hauteskunde-batzorde zentralaren arabera, iragarki horrek ez du Memoria Historikoaren Legea urratzen.

Kanpaina hasi berri den honetan, gauza desberdinak ikusiko ditugu telebistan. Aurrez aurreko bakarra atzokoa izan zen, eta Feijoo ez da egongo RTVEko eztabaidan. Hautagai politikoek telebistan agertzeko garrantzia azpimarratu dute herriarengana iritsi ahal izateko. Uztailaren 21era arte promesa politikoak entzungo ditugu ia une oro telebistan. Bitartean, botoa erabakia dugunok uztailaren 23aren ondorengo emaitzaren beldur gara.

Telebistaren aurrean jarrita, ez dakit zer egin. Albistegia hasi berri da, eta jada Abascalen aurpegia ikusi behar izan dut. Katez aldatzen hasi naiz, baina ez dakit zer egin: gastronomiaren inguruko saio bat bilatu edo uztailaren 23ra arte telebista itzalia utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.