gorka julio
Irlen sarea

Kakaztea

2024ko martxoaren 2a
05:00
Entzun

Interneten gure bilaketak gero eta gehiago desitxuratzen direla sentitzen duen jende kopurua handitzen ari da, eskaintzen zaiguna gero eta okerragoa da, edo zaborrez beteta agertzen zaigu maiz. Teknopataren txokoa-n, Joxe Rojasek Interneteko plataformen kalitatearen degradazio progresiboari buruzko artikulu segida interesgarri bat plazaratu du. Fenomeno hau azaltzeko, Cory Doctorow idazle, blogari eta ekintzaile ezagunak sortutako enshittification terminoa erabiltzen du.

Terminoak Interneteko plataformen kalitatearen degradazio progresiboa deskribatzen du, non hasieran erabiltzaileei lehentasuna ematen zaien arren, denborarekin enpresa-interesak nagusitu egiten diren. Honek, azken batean, erabiltzaileen, langileen eta oro har plataformaren kalitatea orokorra okertu egiten du amaieran.

Plataforma baten jabetza eta erabakia zenen esku dagoen jakiteari gehiago erreparatu beharko genioke, baina, horren ordez, modei jarraitzen diegu. Sareak duen potentziala askatu beharrean, sare-efektuak «nire lagunak daudelako nago», eramaten gaitu alde batetik bestera.

Kakaztea baino sintoma bat dela defendatu nahi dut, zerbait okerragoaren sintoma bat. Pertsonen bizitzen ustiapenerako tresna bihurtu da Internet eta zerbitzu edo funtzionalitate interesgarriak eskaintzen badizkigu ere, gu ustiatzeko gaitasuna duelako izango da; plataforma hauen jabegoa eta erabakia zalantzan jartzen ez diren bitartean behintzat.

Plataforma hauek gure bizitza sozialaren, lanaren eta entretenimenduaren parte dira, hormona edo neurotransmisore baten moduan gure gorputzean integratu ditugu. Eragiten digutela esatea gutxi da, egiten gaituztela esatea egokiagoa litzateke. Ez erabiltzea erabaki dezakegu, oraindik, horrek ere kostu bat suposatuko digun arren. «Oraindik» hitza nabarmendu nahiko nuke hemen; ez egotearen kostua handiegia edo erabaki ezinezkoa izan daiteke laster.

Internetek zuen potentzia askatzailearen agortzea da hau. Tristea da hau dena idaztea, okerragoa momentuz dagoenarekin konformatu beharko dugula jakitea. Kakazteari buelta ematea ezinezkoa bada nola jokatu pentsatzen hasi behar dugu. Hasiera berri bat irudika dezakegu? Akats berdinak errepikatuko ez dituen beste sistema bat? Zein azpiegituraren gainean? Zein pertsonak egina eta zaindua?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.