Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Kaka etxean

2017ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Telebistaren ildo estrategikoaren defentsa egitea ez da lantegi makala. Ildo estrategikoa dei dakioke, edo, tira, hedabidearen marka egiteko balio duten saioen ezaugarrien aukeraketa ere bai. Haatik, Maite Iturberi —eta haren zuzendaritza lantaldeari— azken urteetako audientzia jaitsiera leporatzea ez da ariketa sanoa. Datuek diotenez, Euskal Telebistaren audientziak %24 egin du behera euren zuzendaritzapean. Errudunak bilatu baino ardura kolektiboaz jarduten bagara?

Egia da, gure telebista ikusten duten pertsonen datuak biltzeko erabiltzen diren metodoak ez direla erabat fidagarriak. Hori horrela da,gaur audientzia datuak neurtzeko erabiltzen den metodoa Euskal Autonomia Erkidegoko errealitate soziokulturalari erreparatzen ez dion sistema delako. Gainera, batetik, Euskal Telebista ez da Euskal Herri osoan ikusten, eta bestetik, neurketa horretatik Hamaika Telebista bezalako kateak kanpo geratzen dira. Administrazioek jartzen dituzten traben gainean luze hitz egin genezake, baina ez da gaur lerrootara ekarriko dugun gaia.

Audientzia datuek diotenaren arabera, Euskal Telebistak ikusleak galtzen dituenean, gehienetan, Euskal Autonomi Erkidegoan audientzia igoera izaten du Tele5k. Tele5 katea ikustea, gurean, odoluzkia izatea bezalakoa da: isilpean sufritzen den gauza horietako bat da. Baina datuak ukaezinak dira, beraz, Euskal Telebistaren audientzia jaitsieraren ardura alde bakarrekoa edo bi aldeetakoa da?

Telerrealitatea eta amarillismoa pittin bat atsegin ditugula onartzeko adorea baldin badaukagu —idazteak ere min ematen du, ez pentsa—, telebistarekin harreman sanoagoa eraikitzeko tenorean izango gara. Zergatik? Estigma kenduta, horren inguruan askatasunez hitz egin eta saio horiek erabiltzen dituzten tranpak ulertu ahalko ditugulako. Esate baterako, aurrekoan Sálvame zati bat ikusi nuen. Kultura orokorra ardatz zuen azterketatxoa egiten ari ziren. Gernika artelanari buruz galdetu zieten kolaboratzaileei. Koadroak zer adierazten zuen galdetu zieten, nork margotu zuen eta zerk eraginda. Kamera aurrean ziren zazpi pertsonetatik bakar batek erantzun zuen Condor legioak Gernika bonbardatu zuela. Kaka egin behar badugu, bada, zer nahi duzue esatea: nahiago etxean egin, lasai eta ondo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.