William Lee 1563an jaio zen, Ingalaterrako Calverton herrian. Ez dakigu txikitan Billy deitzen zioten; dakiguna da Cambridge Unibertsitatean ikasi eta bertan matematikako irakaslea izan zela.
Badirudi Williamek behin emakume bat puntua egiten ikusi eta errebelazio bat izan zuela. Lan hori nola automatizatu zezakeen pentsatzen hasi zen. Horrela, 1589. urtean, ehuntzeko makina mekanikoa edo puntuzko makinaren prototipoa asmatu zuen.
Diotenez, asmakizunarekin emozionatu, eta Elizabeth I.a Ingalaterrako erreginari hura erakustera joan zen. Erreginak makina ikusi eta ez zion hura patentatzen utzi. Williamek ez zuen ezer ulertzen. Baina erreginak bazuen pisuzko arrazoi bat: beldur zen erreinuko jostun gehienek ez ote zuten beren lana galduko makinaren erabilera zabalduz gero.
Kondairaren arabera, handik bi mendera, 1779an, Ned Ludd izeneko gazte artisau batek, bere lanarekin amorratuta zegoela, bi ehule mekaniko haustea erabaki zuen. Bera izango zen 1811n egin ziren protesten aitzindaria. Britainia Handian langabezia tasa handia zuten, prezioak gora zihoazen, eta garaiko langileek, hori salatzeko, berrehun urte lehenago asmatutako fabriketako josteko makinak apurtzea erabaki zuten.
Ludden jarraitzailetzat zuten beren burua eta luditak izena hartu zuten. Fabriketako makinak apurtzea zen haien lan baldintzak negoziatzeko indar erakustaldia.
Gaur egun, ludita hitzak beste esanahi bat hartu du: teknologia berriekiko eszeptizismoa edo erresistentzia adierazten duten pertsonak dira. Baina superheroien pelikuletan bezala, baditugu luditen antagonistak ere: tekno-optimistak. Azken horiek itsu-itsuan uste dute teknologiak bizitzak hobetzen dituela eta munduko arazoak konpontzeko bidea dela.
Adimen artifizialen tsunamiaren garaiotan, bi talde horiek oihartzun zabala lortzen ari dira sareetan. Aldi berean, gizateriaren amaiera eta salbazioa ekarriko duten teknologiak izango omen dira.
Baina, agian, gako nagusia ez da izango teknologia horien gaitasuna, baizik eta jabetza: gutxi batzuenak izango diren gizartea josteko makina berri horiek, edo horien kontrola askorena eta deszentralizatua izango den.