Aurreko igandean plaza honetan argitaratu zenarekin jarraituz, Joseba Gabilondoren España postimperial. Ideologías del imperio restaurativo liburuko pasarte batzuk ekarriko dira hona. Egilearen baimenarekin. Gaurkoan, Dune eta Star Wars fikziozko unibertsoak aztergai.
Hain justu, egunotan ari dira ematen bi mundu horien bueltako bi telesail: Dune: Prophecy Max plataforman eta Star Wars: Skeleton Crew Disney Plusen.
Frank Herbert idazle estatubatuarrak 1965ean Dune eleberri epikoa idatzi zuenean, ez zuen irudikatu ere egingo liburuak ikus-entzunezko industrian hartu duen bidea. Hain zuzen ere, Star Wars-en aurreneko filma, George Lucasena, 1977koa da, eta Herberten eleberrian oinarritu zen protagonista eta narratiba sortzeko: gazte bihozgabe eta apal bat odol aristokratikokoa da, eta, azkenean, errebelde talde batekin bat egiten du inperio gaiztoa bota eta galaxian ordena berrezartzeko.
Gabilondoren arabera, XX. mendearen lehen bi herenetan, Hollywoodek westernaren generoa erabili zuen mendebalderantz zituen joera inperialista espantsionistak irudikatzeko. Baina hori aldatu egin zen Vietnamgo gerra «traumatikoarekin» (1955-1975). «Hollywoodeko diskurtso traumatiko negatiboarekin hautsi eta porrot inperiala estatubatuarren garaipen gisa berridaztea ahalbidetu zuen lehen filma Star Wars izan zen». Idazleak dio Vietnamgo gerraz geroztik AEBek bere gainbehera inperialari buruzko diskurtsoa garatu zutela; edonola, 2001eko Irailaren 11ko erasoen eta 2008ko krisi ekonomikoaren ondoren, berriro ekin zioten «gainbeheraren diskurtsoari», eta, orain, mundu multipolar baten sorrerak definitzen du. Nazioarteko egoera berriak baldintzatzen du hori guztia.
Villeneuveren 'Dune'
Denis Villeneuve zinemagileak 2021. urtean estreinatu zuen Dune film berriak ikusmin handia piztu zuen —aurten iritsi da bigarren partea; eta 2026an estreinatuko dute hirugarrena—. Gabilondok hainbat hausnarketa egiten ditu Villenueveren zintaren inguruan. «Dune eleberriak Paulen diktadura galaktikoa iragartzen du, baina Dune filmak lider zuriaren gorputza berrezartzea baino ez du aipatzen», idatzi du irakasleak. «Zientzia fikziozko blockbusterra-ren formulazio neobarroko berrian, Dune-k aukera ematen die AEBei beren iragana eta etorkizuna aldi berean modu fantasmatikoan irudikatzeko: Ameriken konkistan nagusitu zen inperio gisa eta jada gainbehera egin zuen inperio gisa, figura fantasmatiko gisa soilik irauten duena». Alderaketak ere egiten ditu Gabilondok: «Hispaniar barroko inperial» kontzeptuarekin uztartzen du, batetik. Eta Make America Great Again kontzeptua sartzen du gogoetan. «Hispaniar inperialismoak, bere izaera fantasmatikoan, iparramerikarrari etorkizun errestauraezina iragartzen dio: halabeharrezko gainbehera bakarrik dakarrena». Gainbehera, hemen ere; aurreko igandean aipatutako Espainiako inperioaren gainbehera akorduan.
Dirua da kontua
Ez dira instant batean ahanzteko hausnarketak Gabilondorenak. Baina bada beste kontzeptu bat Star Wars eta Dune unibertsoen eta marken inguruan begiratzeko modukoa: dirua egiteko makinak daude ekoizpen horien atzean.
Zinema aretoetan Star Wars-en bederatzi pelikula estreinatu dituzte, hiru trilogiatan banatuta. Eta Disney Plus plataformak azkeneko urteetan honako telesail hauek estreinatu ditu: The Mandalorian, Obi-Wan Kenobi, Andor, Ashoka, The Book of Boba Fett... eta abenduaren 3an iritsi zen Star Wars: Skeleton Crew. Haurrentzako eta ez hain haurrentzako istorio erakargarria kontatzen du azken horrek: neska-mutiko batzuk galaxian galduta daudela, hainbat abentura biziko dituzte. Argi denez, Disney Plus plataformak harpidedunak lortu edo mantentzeko duen markarik esanguratsuenetakoa da Star Wars.
Ilunagoa eta ikusle helduagoei zuzendutakoa da Max plataformako Dune: Prophecy. Herberten nobelak kontatzen duenaren prekuela gisa jo daiteke, 10.000 urte lehenago baitago girotua. Traizioak, hilketak, espioiak, azpijokoak... eta aktore protagonisten artean, Emily Watson antzezle britaniar bikaina. Markaren jabea Warner da.
Funtsean, industria kapitalistaren produktu bilakatu dira Star Wars eta Dune. Eta jostalariak zein interesgarriak dira Gabilondoren irakurketak, baina ahaztu gabe dirua egiteko produktu mainstream garesti batzuk direla.
Sosik gastatu gabe, Youtuben doan ikus daiteke David Lynch handiaren aurreneko Dune. 1984ko filma, osorik: