urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Joseba Gabilondorekin murmurrean (eta III)

2024ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Datorren asteazkena, abenduak 25. Betekaden ostekoa, telebista pantailaren aurrean geldi egoteko gau egokia. ETB1ek Paul Urkijoren Irati filma emango du, 21:45ean. Gau horretan afaltzen ez bada ere, arazorik ez.

Euskaldun askok dute ikusia dagoeneko Irati, eta, bigarren ikustaldiari ekin aurretik, Joseba Gabilondok pelikularen inguruan idatzitakoei erreparatzeko une egokia izan daiteke. Aurreko bi igandeetan, España postimperial. Ideologías del imperio restaurativo liburuan jasotakoak izan dira amu. Eta artikulu gehiagorako eman zezakeen lan horrek; Antonio Banderas, Belen Esteban, Rosalia, Pablo Iglesias... pertsonaia horien ingurukoak zizelkatzen ditu irakasleak. Bada, Irati: etnizitatearen itzulera berri eta beharrezkoaz ohar batzuk artikulu luzeak ere badu mamia.

Gabilondoren ustez, Irati Euskal Herriko errealitate politiko eta kulturala interpretatzeko filmik garrantzitsuenetakoa da. Bitxia da baieztapena, istorioa VIII. mendean girotua baitago.

Aurrekaritzat jotzen du irakasle eta idazleak Francisco Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII (1877) liburua. Irati-ren jatorrizko testua hor dagoela dio. Nahiz eta pelikulako egileek Joxean Muñozen eta Juan Luis Landaren El ciclo de Irati nabarmentzen duten.

«Irati filmak, Amaya eleberriak bezala, maila mitiko batean funtzionatzen du, berriro ere Euskal Herri paganoa berpiztuz», idatzi du Gabilondok. Amaya-Irati mitoak ez duela indarrik galdu gaineratu du.

Edonola ere, filmeko aurrekontuen baldintzak eta aukerak xehatu eta gero, Gabilondok ausardiaz (eta ironiaz ere bai) honako hau jaurtitzen du: «Zergatik da Amaya-Irati mitoa, karlista batek lehen aldiz haragitutako mito etniko zaharkitu hori, hain garrantzitsua 2020ko hamarkadan? Ez al dakigu ondo mito etniko hori —jatorrizko paganismo euskaldun burujabea— ez dela historikoa, asmatua dela? Are, Jon Juaristi, Fernando Savater, Mikel Azurmendi eta enparauei kasu egiten badiegu, jakin beharko genuke mito amaiar-iratiarra euskal abertzaletasunaren erroan dagoen gaitz arrazista eta bortitzaren —irakurri hemen ETA — eragile ideologiko nagusienetakoa dela. Are, gogora dezagun Bernardo Atxagak ere bere lehen arrakasta mito etniko horri heldurik lortu bazuen ere [Obaba], laster konturatu zela errealismo burgesa zela gerorako joera narratiboa eta, beraz, ETAren eta nevadarren narrazio errealistak idazten amaitu zuela». Noski, Gabilondok ez du Juartisti eta enparauen gauza bera pentsatzen.

'IRATI'
Paul Urkijoren 'Irati' filma (2022). BERRIA

Paul Urkijo zinemagilearen pelikulak Euskal Herrian arrakasta lortu du. Bestalde, Gabilondok gogoratu du Euskal Herrian gazteleraz idazten den literaturarik arrakastatsuenak historiara eta mitora jotzen duela, Toti Martinez de Lezearen eta Dolores Redondoren eskutik. Eta aipatzen du, bide batez, mitoaren eta etniaren indarra zertan den esplikatu beharra dagoela, Chill Mafiakoek txandalean Xabier Leteren kantu baten bertsioa egiten dutenean dagoen nahasketa behatzean. «Argi dago, XIX. mendeko Navarro Villosladaren literatura erromantiko foralistaren garaitik, behintzat, euskal etnizismo aurre-kristauaren lilurak eta berorren eraketa mitikoaren erakargarritasunak erreprimititutako errealitate bat haragitzen dutela: beti adierazten dute desagertu den edo desagertzear den euskal mundu pagano burujabe bat».

Arrazoia errepikapenaren logikan dagoela iruditzen zaio Gabilondori: «Era errealista batean adierazi ezin daitekeen historia eta errealitate bati buruz mintzo da mito etnikoa, eta faktualki edo historikoki adierazi ezin daitekeenez, berriro ere itzultzen da». Horietara itzuliko dira euskal sortzaileak etorkizunean ere, Euskal Herriaren egitura politikoa aldatzen ez den neurrian, bederen.

'IRATI' - ENEKO SAGARDOI
Eneko Sagardoi aktorea, 'Irati' filmean. BERRIA

Irati-ren moduko filmak ez dira uharte bakanak. Idazlearen arabera, «amaiar-iratiarrak» dira egun mundu osoan ekoizpen arrakastatsuenak. Bestetik, nabarmendu du egun Hollywoodek ulertu duela emakumeengana eta zuria ez den beste arrazetara ere hedatu behar duela bere fantasiazko zinema. «Baina, hain zuzen, hori da dugun historia hegemonikoa: inperialista, ipar europarra, heteropatriarkala, zuria».

Gabilondok, aipatutako guztia esan ostean, ihardetsi du Irati-k euskal ezkerrari «oso mezu indartsua» bidaltzen diola: «Ez ahaztu etnizitate mitiko zaharkitu, faltsu eta erreprimituaren itzuleraren garrantzia. Ez izan arrazionalak bakarrik, ez izan ezker ilustratu eredugarri baina azken batean aspergarri, serio eta erakargarritasunik gabeak». Idazleak uste du instituzionalizazioak, kudeaketak eta estatalizazioak sortzen dituen zinezko arazoek hor segitzen dutela, «erreprimituaren itzulera mitikoaren bidez bakarrik azaldu daitezkeen errealitate politiko eta ekonomiko horietan».

Pello Otxandiano EH Bilduko bozeramaileak berriki esan du «estatu konfederalean» aurrera egin behar dela, «Espainiako Konstituzioaren barne».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.