Tarteka motibazio-zulo garaiak izaten ditut ikus-entzunezko fikzioari dagokionez. Ez dakit benetan edukien beren kalitatea den horren errudun, ala nire buruaren saturazioa; baina kontua da ia urtero dudala tarte bat zeinetan, telesailak bata bestearen atzetik kateatu arren, ez dagoen bakar bat ere memorian iltzatuko zaidala uste dudanik.
2024. urtearen hasiera izan da horietako bat, tamalez; zulotik ateratzera behartu nauen telesaila topatu dudan arte: Tokyo Vice. Bazen garaia benetan gustuko dudan telesail bat ikusteko! HBOk 2022an estreinatu zuen eta jada bi denboraldi dituen lan hori hobeto ezagutu nahi baduzu, gelditu zaitez hemen.
Japoniako Meicho egunkari entzutetsuko gertakarien sailean lan egiten duen Jake Adelstein estatubatuarra da telesaileko protagonista —nola ez; ez zenuten usteko plataforma estatubatuar batek guztiz japoniarra den istorio bat kontatuko zuenik, ezta?—. Adelsteinek, bere artikuluetarako istorio kitzikagarrien xerka, Tokioko mafiaren edo Yakuzaren azpimundua ezagutuko du, eta hainbat arazo ekarriko dizkio horrek. Benetako gertakarietan oinarrituta dago, eta telesailaren gehiengoa japonieraz egina dago; beraz, azpitituluak irakurtzera derrigortuta egongo zarete gehienok.
Thriller bizi bezain sakona da Tokyo Vice. Aktoreak bikain ageri dira; eta ez bakarrik ezagunenak egingo zaizkigunak, protagonistaren rolean agertzen den Ansel Elgort –Baby Driver ikusi duenak ezagutuko du– edota Ken Watanabe mitikoa –Inception, The Last Samuray edota Memories of a Geisha filmetan agertu da, besteak beste–. Nik, behintzat, lehen aldiz ikusi ditudan beste aktore andana agertzen da hor, ziurrenik Japoniako harrobitik aspaldi atera zirenak, baina guk ere ezagutu ditzagun merezi zutenak.
Alta, tramaz eta aktoreen lanaz gain, telesaila zerbaitek bereziki gogoangarri egin badu, hori Japoniako kulturaren presentzia izan da. Klixeetara murriztu gabekoa, azalean gelditzen ez dena, okzidentalok begiratzen diogun solemnitate mistiko horretan erortzen ez dena. Benetakoa dirudi —behintzat, nire begi europarretatik ikusita—. Euren izaeraren eta Yakuzaren egituraren hainbat gauza ulertzen dira atalak ikusiz, nahiz lanak ez duen inongo intentzio pedagogikorik.
Biziki gomendatzen dizuet!