gaizka izagirre
'Ekografiak'

Jaialdietatik telebistara

2025eko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Zoritxarrez, badira zenbait izenburu zinemetatik pasatu gabe zuzenean VoD plataformetan estreinatzen direnak. Egunotan Prime Videora iritsi den filma bereziki deigarria iruditu zait: 2024ko Veneziako Zinema Jaialdian lehiatzeaz gain, gaurkotasun handiko gai batez dihardu eta gainera, zuzendari zein aktore entzutetsuak ditu; hala ere, ez da zinemetatik igaro.

Justin Kurzelen The Order filmaz ari naiz. Filmaren pasarte batean Nicholas Houltek antzezten duen pertsonaiak The Turner Diaries (Turnerren egunkariak) liburua irakurtzen dio semeari gauean lokartzeko. William Luther Pierceren eleberri bat da, 1978koa; arrazista eta antisemita gisa deskribatua izan da, eta faxisten eta eskuin muturreko arrazisten biblia gisa izendatua. 2021eko Kapitolioko erasoan halako zenbait ale aurkitu zituzten; beraz, pentsa.

Oso arrunta dirudien eszena horrek agerian uzten du filmak jorratzen dituen gai nagusietako bat, baita pertsonaiak garatuko diren gudu zelaia zein izango den ere: 1983tik 1984ra bitartean AEBetako ipar-mendebaldean izua eta gorrotoa eragin zuen erakunde supremazista eta neonazi baten benetako istorioa azaltzen du. Iraganeko pasarte batez hitz egiten duen arren, orainaldiaz ere  mintzo da The order: bertan ikusten diren gertaera, esaldi eta ekintza ugarik gaur egungo eskuin muturraren gorakadarekin lotura zuzena dute.

Filma su txikian egosten da, eta katuaren eta saguaren arteko jokoa planteatzen du hasieratik. Bob Mathews (Nicholas Hoult) talde neonaziko kide den gaztea alde batetik, eta Terry Husk (Jude Law) FBIko agente beteranoa bestetik; pertsonaia ugari ageri dira, baina bi horiek dira guztiaren metxa piztu eta narrazioa elikatuko dutenak. Pertsonaiak, oro har, ez dira bereziki atseginak edo onak; gidoia une oro eremu grisean mugitzen da.

80-90eko hamarkadetako AEBtako thriller poliziakoen kutsu nabarmena du; oso egitura klasikoa du, ez da batere berritzailea ez formaren ezta edukiaren aldetik ere, baina oso eraginkorra, entretenigarria eta bizia da. Usadio zaharreko thriller horietako da; ez dizue bizitza aldatuko, baina generoa maite baduzue bi orduko ikuskizun paregabeaz gozatuko duzue.

Jaialdietatik zuzenean telebistara igaro diren beste kasu tamalgarri horietakoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.