gaizka izagirre
'Ekografiak'

Izua uhinetan

2024ko irailaren 20a
05:00
Entzun

Donostiako Zinemaldia ate joka dugu eta, bederatzi egunez zinema aretoetatik atera gabe egongo naizenez, egunotan plataforma digitaletan zintzilik geratu zaizkidan zenbait izenburu ikusteko aprobetxatu dut. Horietako bat Filmin-eko Monolith izan da.

Irudi gordinen bidez ikusleak izutzea nahiko ariketa erraza izan liteke. Soilik soinua edota hitzak erabiliz ezinegona sortzea, ordea, askoz zailagoa da. Film honetan hori da lortu dutena: izua soinuaren bidez helaraztea.

Kokaleku bakar batean filmatutako pelikula da, eta aktore bakar batekin; gainerako pertsonaiak ahotsaren bidez soilik entzungo ditugu, telefono deien bidez. Argitu gabeko misterioen inguruko podcast bat egiten ari den kazetari baten inguruko istorioa azaltzen du; bloke beltz arraro batzuei buruzko kasu bat ikertzen hasi da. Zientzia-fikzioa eta thriller psikologikoa uztartzen dituen intrigazko proposamen hau murgiltze-esperientzia interesgarria iruditu zait; Lily Sullivanen antzezpen lan aparta, eszenaratze minimalista zehatza eta soinu-diseinu oso landua dira filmaren hiru euskarri nagusiak. Baliabide gutxiko ekoizpena da, baina ehuneko ehunean zukutzen ditu. Podcast ugarirekin gertatzen den moduan, ikuslearen buruan irudi boteretsuak sortzeko gai da: hitza eta hizkuntza funtsezko elementuak dira. Misterioz beteriko atmosfera sortzea lortu dute eta ziurgabetasunez beteriko kontakizun berezi batean murgiltzen gaituzte hasieratik. Hori bai, filmaren hasierako sotiltasuna eta zorroztasuna eremu labainkor batean sartzen da amaieran; gidoiak, erabat iradokitzailea den premisa batetik, oso agerikoa eta apur bat arruntagoa den azken zatiraino garamatza.

Izenburuak 2021eko Calls telesaila gogorarazi dit, originala eta nahiko berritzailea. Bederatzi istorio dira guztira, eta beldurra, thrillerra eta suspensea nahasten ditu. Zenbait pertsonaren arteko telefono deietan oinarritutako kontakizunak dira, baina irudirik gabekoak; telesail osoan soinua soilik iritsiko zaigu. Tira, pantailan irudi batzuk badaude, baina entzungai ditugun elkarrizketak indartzeko sortu dituzten soinu-uhin moduko batzuk dira; protagonisten elkarrizketen testuak ere irakurgai daude. Ahalik eta gehien gozatzeko eta murgiltzeko, erabili aurikularrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.