LGTBI+ komunitateak bizi duen biolentzia zoritxarrez ohikoa da. Ezaguna egin den azken erasoa igandean izan zen, Madrilgo Malasaña auzoan. Gure komunitateak jasaten duen biolentzia gizartetik eta instituzioetatik dator. Eraso asko isilduak egoten dira eta haiei erantzuna emateko kontatu egin behar ditugu.
Ni naiz naizena websailean transexualak diren pertsonen bizipenak entzungo ditugu eta beraiek bizitako biolentzia isildua agerian geratu da Izaskun Arandiak egindako lan bikainean. Aitzole Araneta, Victor Viruta, Graham Bell Tornado, Fergie Barahona, Alice Diez, Eder Iturralde, Victor Alvarado, Kimberly Zambrano, Mary Reno eta Josebe Iturrioz dira websaileko protagonistak. Beraien bizipenak desberdinak izanik ere, bizitako biolentzia eta beraien identitatea da batzen dituztenak.
Dokumentaleko protagonista batzuek beraien herrialdetik ihes egin behar izan dute, bertan hiltzeko arriskua zutelako. Hondurasen eta Guatemalan bizi ziren Fergi Barahona eta Mary Reno, eta herrialde horietan egiten diren feminizidioen ondorioz ihes egin zuten. Emakume zisgeneroek arrisku handia dute bi herri horietan, baina andre transen arriskua larriagoa da. Euskal Herrian beraien etxea sortzen ari dira, baina oztopo asko dituzte, migratzaileak izateaz gain, beraien dokumentazioan beren generoa ez dagoelako ondo islatuta. Traba bikoitza dute lan duin bat lortzeko edota beraien bizitza nahi duten bezala eramateko.
EAEn trantsizioa egiteko Gurutzetako Ospitalera joan behar dela aipatzen dute Aitzole Aranetak eta Eder Iturraldek. Aranetak Ekai Lersundiren kasua azaltzen du, bertako protokoloak nolakoak ziren azaltzeko. Ekaik 16 urterekin bere buruaz beste egin zuen. Ospitalean hormonak blokeatzeko tratamendua atzeratu zioten eta hainbeste atzeratzearen ondorioz, ezin izan zioten tratamendua jarri. Ekairen heriotzaren ondorioz, Gurutzetako Ospitaleko trans unitateko protokoloak aldatu ziren Eder Iturraldek aipatzen duen bezala. Protokolo berriei esker, bere trantsizioa hobeto eraman zuen.
Lan horretan argi geratzen den mezua da lanhandia egin behar dela oraindik trans pertsonen berdintasuna lortzeko. Medikuntza aldatzea, dokumentazioa erraztea eta gizartearen eraldaketa beharrezkoak dira beraiek direna izateko.
EKOGRAFIAK
Izatearen nahia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu